Lekeitioko beteranoen trinkete txapelketa irabazi du Xabi Arrillagak Latxiondorekin batera

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 24a

Debabarreneko pilotari ugarik hartu dute parte Lekeition jokatu duten Beteranoen Trinketeko Eskuz Binakako txapelketan.

Urtarrillean hasi zuten Lekeitioko Akarregi Pilota Taldeak antolatzen duen pilota txapelketa herrikoia. Pilotari beteranoei, 40 urtetik gorakoei, pilotan jokatzeko eta lehiatzeko aukera emateko sortu zuten txapelketa, eta hogeigarren ekitaldia izan da aurtengoa. Urtero moduan, Debabarreneko pilotari mordoxka aritu dira lehian Lekeition. Joan den domekan, martxoaren 22an, jokatu zituzten finalak. 

Txapela, debutean

Master 40 kategoriako (40-59 urte) finalean Latxiondo elantxobearrak eta Xabi Arrillaga elgoibartarrak osatutako bikoteak jantzi zuen txapela, Rober bergararrari eta Telleria mallabiarrari 30-19 irabazita. Elgoibarren bizi den German Telleria mallabiarrak behin baino gehiagotan irabazi du Lekeitioko txapelketa, hain justu ere 2016, 2017 eta 2018ko txapelketak irabazi zituen, eta txapeldunorde ere izan da behin baino gehiagotan, azkena aurten. Xabi Arrillagarentzat, aldiz, aurreneko aldia zen trinketean aritzen zena, eta emaitzari erreparatu besterik ez dago ezin hobeto moldatu dela ikusteko. Arrillaga ordezko gisa sartu zen lehian, min hartu zuen Madariagaren ordezko gisa, hain justu ere. Aurrelari izan duen Latxiondo elantxobearra ere hasiberria da trinketean; bigarren parte hartzea baitzuen Lekeition, 2024koa eta gero. Hala eta ere, bietan izan da irabazle. Hark jaso zuen txapelketako pilotari onena saritzen duen otzara saria ere. 

Kategoria honetako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida ere jokatu zuten domekan, finalak jokatu aurretik. Lander lekeitiarrak eta Andoni Egaña mendaroarrak eskuratu zuten hirugarren postua, Apezetxea (Goizueta)/Aitzol (Lekeitio) bikoteari 30-12 irabazita. 

Bi kategorietako irabazleak: Xabi Arrillaga eta Latxi; eta, Jaunarena eta Foster. Arg: Akarregi Pilota Kluba.

Beraza eta Astigarraga txapeldunorde Master 60 kategorian

Master 60 mailako (60 urtetik gorakoak) finalean Mikel Jaunarena nafarrak eta Foster lekeitiarrak osatutako bikoteak irabazi zuen titulua, Astigarraga itziartarrak eta Beraza elgoibartarrak osatutako bikoteari 30 eta 20 irabazita. Azpimarratzekoa da final honetako jokalarien adina; gazteenak 64 urte ditu eta 72 urte ditu adinez nagusiena den Iñaki Astigarragak. Azken urteetan Foster ari da palmares loriatuena osatzen, azken bi txapelketak jarraian irabazi baititu; eta, 2023koan ere gailendu zen. 

Latxi-Madariaga eta Lander-Egaña bikoteak txapelketako finalaurrekoan. Argazkiak Akarregi Pilota Kluba.