Paula Calvok hiru domina eskuratu ditu Espainiako igeriketa txapelketan, eta marka pertsonalak ondu ditu bi probetan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko martxoaren 24a

Iker eta Paula Calvo neba-arrebak Sabadellen, spainiako Igeriketa Txapelketan. Utzitakoa.

Espainiako Igeriketa egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat jokatuko dute Kataluniako Sabadell hirian: Espainiako Open Astralpool-Junior Igeriketa Txapelketa. Paula eta Iker Calvo Villalobos neba-arrebak lehiatu ziren han.

Mila igerilari baino gehiago bildu zituen martxoaren 11tik 15era Sabadellen jokatu zuten igerilari juniorrentzako eta seniorrentzako Espainiako txapelketak, tartean Eibar Igerixan taldeko neba-arrebak. Paulak sekulako maila eman zuen eta hiru domina eskuratu zituen junior mailan; zilarrezko bat eta brontzezko bi. Txapeldunorde geratu zen 100 metro bizkar proban, bere marka pertsonala onduta gainera, 1:03.43ko denborarekin. Sara Costa de Vicente (C.D. Gredos San Diego) izan zen azkarrena, 1:01.13ko denborarekin. Proba horretan Europako Txapelketan lehiatu ahal izateko gutxieneko marka 1:02.77 da 2009an jaiotako juniorrentzat. 

Brontzezko bi dominetako bat 50 metro bizkar proban irabazi zuen Paulak, hor ere ordura arte zuen markarik onena onduta: 29 segundo eta 75 ehuneko denboran osatu zuen 50 metroko esprinta. 100 metrokoan moduan, Sara Costa de Vicente gailendu zen 50 metroko bizkar proban ere, 0:28.95eko denborarekin. Europako Txapelketarako gutxienekoa 28.27koa zen 2009an jaiotako juniorrentzako.

Brontzezko bigarren domina 200 metro bizkar proban lortu zuen igerlari elgoibartarrak, 02:18.33ko denborarekin hirugarren postuan sailkatu baitzen. 
Hortaz, bizkar estiloko probetan eskuratu zituen hiru dominak. Halere, podiumaren atarian geratu zen 200 metro libreko proban, laugarren eginda (02:05.3).

Iker Calvo, 50 metro bizkar proban

Iker Calvo 50 metro bizkar proban lehiatu zen senior kategorian, baina ez zuen finalera sailkatzerik lortu. 141 igerilari lehiatu ziren proba horretan, eta 92. postua lortu zuen elgoibartarrak, 28.31ko denborarekin. Espainiako txapeldun izan zen Adrian Santosek 25.02ko denborarekin irabazi zuen finala, hiru ehunekogatik Europako Txapelketarako gutxieneko marka lortuz. Hugo Gonzalez de Oliveirak du distantziako Espainiako Errekorra: 24.47.