Apirilaren 16an, Basalgo zentral eolikoari buruzko agerraldia Batzar Nagusietan

Ubane Madera Zangitu 2026ko apirilaren 1a

Eoliko baten oinarriaren tamaina, pertsonekin irudikatuta.

Eibarko Mendiak Bizirik taldeak jakianarazi duenez, Debabarreneko eta Debagoieneko bost udalerritako terrenoetan eraiki nahi duten Basalgo zentral eolikoari buruzko agerraldia egingo dute apirilaren 16an Batzar Nagusietan. Esplikatu dutenez, “milaka herritar Basalgoko proiektu eolikoaren aurka jartzera bultzatu dituzten arrazoiak bertatik bertara azaltzea da helburua”.

Apirilaren 16an, Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean izango dira Eibarko Mendiak Bizirik taldeko ordezkariak. Esan dutenez, Basalgo zentral eolikoaren proiektuaren baitan aurreikusitako “sei makro-aerosorgailuak jartzeak Debabarreneko eta Debagoieneko bost udalerriri eragingo lizkiekeen kalte ugariak” mahai gaineratuko dituzte foru ordezkarien aurrean.

Honako kalteak nabarmendu dituzte: “Mendian tamaina handiko errepideak eraikitzea parke eolikoa instalatzeko behar den materiala garraiatzeko, haize-errota bakoitzeko hormigoizko plataforma erraldoiak, erauzitako 13.000 zuhaitz, landa-lurren, basoen eta mendien industrializazioa, hegazti mehatxatuen habitataren gaineko eraginak, kultura-ondareari kalteak, paisaiaren gaineko eraginak…”

Halaber, gogora ekarri dute 6.200 pertsonak sinatu dituztela proiektuaren kontrako alegazioak.