Iaz, Debabarrenean mila biztanleko kriminalitate-tasa 34,36koa izan zen, eta kokatu zen Gipuzkoako batezbestekoaren (34,86) eta EAEkoaren (36,6) azpitik. Gainera, 2024arekin alderatuta bailaran tasak beherantz egin du (1,5), Gipuzkoan eta EAEn ez bezala.

Prebentzio-lanaren "fruitua"
Ertzaintzako buruaren ustez, emaitza horiek prebentzio-lanaren emaitza dira. "Hemen egiten dugun prebentzio-lana ona da... Ertzaintzaren lana, udaltzaingoek egin dutena, hor egotea, kontrolak, presentzia, prebentzio-plan espezifikoak... Herritarren segurtasun sentimenduan eragin zuzena duten delitu asko gutxitu egin dira, eta hori egindako lanaren fruitua da", azaldu du.
Zubiatek esplikatu duenez, pandemian eta osteko urteetan delituek "nabarmen" egin zuten gora, baina 2025ean "egonkortze eta jaitsiera fase batean" sartu gara. Haren iritziz, lorpen horren gakoetako bat prebentzio-plan espezifikoak izan dira: "Besteak beste, duela bi urte abian jarri genuen arma zurien aurkako plangintza berezia, jai eta asteburuetan ezartzen duguna".
Delitu moten joerei erreparatuta, ertzainburuak hiru delitu motaren bilakaeran jarri du arreta: ziberdelinkuentzia, etxebizitzetako lapurretak eta indarkeriazkoak.
Ziberdelinkuentziari dagokionez, pandemia garaian delitu mota horiek sekulako gorakada izan zuten, baina iaz, lehen aldiz, behera egin zuten. 2023an 801 kasu erregistratu zituzten eta 2025ean, berriz, 686. Ertzainburuaren arabera, "jendea ohitu egin da Internet bidezko erosketak egitera, eta neurri gehiago hartzen ditu".
Etxebizitzetako lapurreten kasuan ere, iaz murriztu egin zen delitu kopurua: 2024an 100 lapurreta erregistratu ziren eta 2025ean, 83. Zubietaren esanetan, datuak "ikaragarri onak" dira: "Gipuzkoan eta EAEko beste eskualde batzuetan arazo larria den bitartean, Debabarrenean jaitsi egin dira".
Azkenik, indarkeriaz egindako lapurretak hazi egin dira, "oso gutxi" bada ere; batez ere, mugikorrak eta diru-zorroak lapurtzea.

Herri bakoitzak bere errealitatea
Eibarko ertzain-etxeak Debabarreneko zazpi herritako segurtasunaren ardura du: Mallabia, Ermua, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku –Soraluze Bergarako komisariaren ardurapean dago–. Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu eta Zubiatek horien berri eman du.
Eibar da, tamainagatik, eskualdean delitu kopuru handiena biltzen dituen herria. 2025ean, gainerako herrietan ez bezala, Eibarren delitu mota batzuk hazi egin ziren, "oso gutxi" bada ere; esaterako, lesio eta indarkeriazko delituak eta espazio itxietan egindako lapurretak.
Ermuaren kasuan, datuak "onak" izan dira. 2024an gora egin bazuten ere, 2025ean jaitsi egin ziren. Zubiateren ustez, jaitsiera hori ekarri duen faktore gakoetako bat udalerrian ezarri dituzten segurtasun-kamerak izan dira. "Kamerek delitugileari beldurra edo errespetua ematen diote", azaldu du.
Elgoibarren datuen joera orokorra beheranzkoa da. Ertzaintzak arreta berezia jarri du gaueko borrokak eta arma zurien erabilera saihesteko, eta "Udaltzaingoarekin koordinatutako plangintzek emaitza onak eman dituzte".
Deban eta Mutrikun, kostaldeko herriak izanda, delituek lotura estua dute jaietako eta udako sasoiarekin. Iaz, Deban, nahi gabeko homizidio baten inguruko ikerketa esanguratsu bat izan zuten, baina gainerakoan datuak "onak" izan ziren, baita Mutrikun ere, delitu penalek gora egin bazuten ere, jaietan izandako gertakari puntualengatik.
Mendaron delituak jaitsi egin ziren 2025ean, eta azken urteetan "erronka nagusia" ospitale inguruko segurtasuna eta aparkalekuen kudeaketa dira.
Mallabian delitu kopurua osoa txikia izan zen, baina iaz hazi egin ziren baserrietako lapurretak. "Badira talde ibiltari batzuk Bizkai aldetik etortzen direnak baserrietan lapurretan egitera. Badakigu zein diren, eta haiek kontrolatzen ahalegintzen gara", azaldu du Zubiatek.
Genero eta belaunaldien arteko indarkeria
Ertzainburuak irakurketa berezitua egin du genero indarkeria delituen inguruan. Datuek delitu kopurua hazi egin dela erakusten duten arren, ertzainburuak azaldu duenez igoera horrek zerikusia du lege aldaketarekin: "Gaur egun, larritasun maila guztietako lesioak hartzen dira kontuan. Horrek esan nahi du sistema hobeto ari dela detektatzen lehen ezkutuan geratzen ziren hainbat kasu". Gaur egun, Eibarko ertzain-etxean genero indarkeriarekin lotutako 237 espediente dituzte martxan, eta horietatik 184 babes neurriak dituzte aktibatuta. "Orain lanik handiena biktimei behar duten segurtasuna eta arreta bermatzen daukagu", adierazi du.
Azkenik, ertzainburuak ohartarazi duenez, badago azken urteetan "dezente" hazten ari den beste delitu mota bat: seme-alaba gazteek gurasoei egindakoa. "Gainera, orain arte ez bezala, gazteen adinak 14 urtetik behera egin du. Zerbait gaizki egiten dihardugu arlo honetan", adierazi du, kezkatuta.