Gaur, apirilaren 5ean, ospatzen da Aberri Eguna Euskal Herrian eta urtero bezala Aste Santuko igandearekin bat eginez, alderdi eta mugimendu politikoek hainbat ekitaldi politiko eta sozial antolatu dituzte.
'Euskal Herria etorkizuna, itxaropena' Baionan
Iparraldeko mugimendu abertzaleak antolatuta, Aberri Eguna ospatzeko ekitaldi sorta antolatu dute gaur Baionan Euskal Herria etorkizuna, itxaropena lelopean. Hala, goizeko 11:00etan manifestazioa egingo dute Xaho plazatik abiatuta eta ondoren ekitaldi politikoa egingo dute. Eguerdian elkarrekin bazkalduko dute eta arratsaldean, umeentzako jolasak eta musika kontzertuak izango dira: Pantxoa eta Peio, Orkresta elektrotxaranga, Indigo, Niña Coyote eta Chico Tornado.
'Zazpiak bat egin' Iruñean
Iruñean, EH Bilduk Zazpiak bat egin lelopean antolatu du aurtengo Aberri Eguna. Egun osoko egitarauaren baitan, ekitaldi nagusia eguerdian izango da: 12:00etan abiatuko den manifestazioa, Golem zinemen paretik. Ezker subiranistak nabarmendu du: "gaur egungo nazioarteko testuinguruan, ziurgabetasuna nagusi den honetan, inoiz baino beharrezkoagoak" direla proiektu kolektiboak. Ildo horretan, Euskal Herria herritarren bizitzetan "segurtasuna eta egonkortasuna" bermatzeko tresna izan daitekeela aldarrikatuko dute, nazio proiektu bateratu baten aldeko mezua zabalduz.
13:15etatik aurrera, kaleko animazioa izango da, trikitilari, gaitari eta erraldoiekin, Kuxkutu txarangarekin eta munduko dantzekin eta Malatxo txaranga Jarauta kalera zuzenduko da gazteei gazte gunera laguntzeko. Gazteluko plaza izango da jaiaren epizentroa Aberri Eguneab. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, euskal taldeen kontzertuak izango dira bertan: Izaki Gardenak, Belako eta Trikidantz.
'Aberria bizi' Bilbon
Bilbon, EAJk bere ohiko ekitaldi instituzionala egingo du Plaza Barrian, 11:30ean, Aberria bizi! lelopean. Alderdi jeltzaleak azken urteetako ohiturari eutsiz antolatu du ekitaldia, eta bertan hitza hartuko dute, besteak beste, Aitor Esteban presidenteak, Imanol Pradales lehendakariak eta Maider Irujok. Azken honek azaldu duenez, aukeratutako goiburuak "herri gisa historian zehar bizitakoak gogorarazteaz gain, etorkizunari begiratzeko gonbita ere egiten du, herri bizia etorkizuna duen herria delako” azpimarratuz. Ekitaldi politikoaren ostean, euskal musika eta dantzak izango dira eta Joseina Etxeberriak gidatutako DJ saioa.