707 lagunek hartuko dute parte Jose Gurrutxaga krosean, domekan

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 14a

Elgoibarko eta Mendaroko 707 lagunek hartuko dute parte domekan Elgoibar Ikastolak antolatutako Jose Gurrutxaga krosean. 

Elgoibar Ikastolak antolatuta, domekan jokatuko dute Jose Gurrutxaga krosa Elgoibarko kaleetan zehar. Aurtengo edizioan hamazazpi lasterketa izango dira, eta Elgoibarko eta Mendaroko 707 lagunek hartuko dute parte. Mailaka banatuko dituzte probak, eta nork bere adinari egokitutakoan hartuko du parte. 

Lehenengoak, 2019an eta 2018an jaiotakoak, 10:30ean abiatuko dira, Kalegoen plazatik. Lau taldetan banatuta, 328 metroko distantzia egingo dute korrika. Handik ordu erdira, 2017an eta 2016an jaiotakoak irtengo dira, eta haiek 609 metro egingo dituzte korrika. 11:30ean abiatuko dira 2015ean eta 2014an jaiotakoak eta ia kilometro bat egingo dute korrika: 943 metro. Azken lasterketa 2013an, 2012an, 2011n eta 2010ean jaiotako neska-mutilena izango da, 12:00etan irtengo dira eta 1.423 metroko ibilbidea osatu beharko dute. 2009. urtetik aurrera jaiotakoek ere lasterketa horretan hartuko dute parte, baina haiek hiru itzuli eman beharko dizkiote zirkuituari, 3.613 metroko ibilbidea osatzeko.

Aurreko aldietan bezala, HHko umeentzako ere proba bereziren bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek:

  • HH 2: 10:00 Armueta harategia - helmuga (gurasoekin)
  • HH 3: 10:05 Armueta harategia - helmuga (gurasoekin)
  • HH 4: 10:10 San Frantzizko iturria - helmuga
  • HH 5: 10:15 San Frantzizko iturria - helmuga

 

Kamiseta banaketa

Lasterketan parte hartuko dutenek kamiseta jaso beharko dute, 09:30etik 10:15era bitartera.