Debako Udalak TAO zaintzan lan egiteko deialdia egin du

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 13a

Kontratua lau hilabetekoa izango da, ekainaren 1etik irailaren 30era; bihar (apirilak 14) amaituko da izena emateko epea. 

Debako Udalak jakinarazi du TAO zerbitzuko zaintzaile lanpostu bat betetzeko pertsona baten bila dabilela 2026ko udarako. Tokiko erakundeko iturriek azaldu dutenez, lanpostua aldi baterakoa izango da. Kontratua, zehazki, lau hilabetekoa izango da, ekainaren 1etik irailaren 30era, eta epe horretan aparkaleku arautuaren zaintza eta kudeaketan aritzea izango dira kontratatuko den pertsona horren eginkizun nagusiak. 

Deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez tramitatuko da, eta izen-ematea ere plataforma horren bidez egin beharko da; biharkoa (apirilak 14) da horretarako azken eguna. Lanpostura aurkezteko, ezinbestekoa izango da Bigarren Hezkuntzako lehen etapako titulua, eskola-graduatua edo baliokidea izatea, euskarazko B1 maila egiaztatzea — ahoz zein idatziz — eta B motako gidabaimena edukitzea. Halaber, eskatzaileek langabezian egon beharko dute eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egon.

Gaineratu dutenez, hautaketa-prozesuan honako alderdi hauek ere baloratuko dira, besteak beste: iraupen luzeko langabea izatea, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan egotea, teknologia berriak erabiltzeko gaitasuna izatea eta Deban edo Itziarren bizitzea.