Atzo, martitzena, aurkeztu zuten Esnatu dinamika, Orion. UEMAko lehendakari Martin Aramendirekin eta Orioko alkate Anuska Esnalekin batera, hemezortzi eragiletako ordezkariek parte hartu zuten aurkezpenean, tartean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari Ainhoa Urienek. Izan ere, eta Aramendi berak zehaztu zuenez, Bertsozale Elkartea izan da ekimenaren aitzindaria.
Siadecok egindako Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2026. Proiekzio demolinguistikoa ikerketa aurkeztu zuen iaz UEMAk, zeinean eremu euskaldunenaren gainbehera aurreikusten zuten, eta hura irakurrita gerturatu zitzaizkien Bertsozale Elkartekoak, ondorioekin kezkatuta. Bertsozale Elkarteak bilera eskatu zion orduan UEMAri, eta egoerari buelta emateko bere esku zegoen guztia egiteko prestasuna agertu zion. Hala hasi ziren bi eragileak lankidetzan, eta hastea bateraz jabetu ziren beste eragile batzuk ere prest zeudela euskarak behar duen pizkunde berriari ahal duten heinean ekarpena egiteko. "Esnatu ala hil esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua", esan zuen atzo aurkezpenean UEMAko lehendakari Aramendik.
Atzoko aurkezpenean hemezortzi eragiletako ordezkariak izan zituen ondoan UEMAk. Honako hauek: AEK, Bankoa Abanca, Bilgune Feminista, Cederna-Garalur, ELA, Euskadiko Futbol Federazioa, Euskaldendak Konfederazioa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Pilota Federazioa, Fagor taldea, Hekimen, IKA, Kutxabank, LAB, Laboral-Kutxa, Lanartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoa.
"Konpromisoaren bandera"
"Arnasguneen eta udalerri euskaldunen gainbehera sintoma larria da euskararen biziberritzerako. Galera, gainbehera, atzera eta akabera errima sendoak dira, baina horien aurrean guk beste batzuk aldarrikatu nahi ditugu: euskara indarberritzeko aukera, pizkundearen hasiera eta konpromisoaren bandera, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendo ikusteko ostera". Bertsozale Elkarteko lehendakari Ainhoa Urienen hitzak dira. Bertsozale Elkarteak hartu ditu bere konpromisoak. Tartean, honako hauek: UEMAko udalerri guztietako ikasleek Hezkuntza Arautuan bertsolaritzako eskolak ematea; beharraren araberako saioak eta formazioak eskaintzea UEMAren parte diren herrietan; bertsolaritzaren inguruko saio teoriko-praktikoak eskaintzea UEMAko udalerrietako euskal hiztunak ez diren familiei eta familia etorkinei; eta ahozkotasuna lantzeko tailerrak eskaintzea. Baina dinamika honetara batu diren gainerako eragileek ere hartu dituzte beren konpromiso zehatzak. Nork bere alorrean eragin nahi du, euskara arnasgune barik gelditu ez dadin.
Hitzaldiak eta foroak, herrietan
UEMAtik iragarri dutenez Esnatu dinamika herrietara ere zabalduko dute gaurtik aurrera. Hitzaldiak, foroak eta eragileekin bilera zuzenak egingo dituztela esan dute, eta herrien eta eskualdeen tipologiaren arabera, modu batera edo bestera egingo dute lan, Udalekin eta tokian tokiko eragileekin lankidetzan.