BARRENAk eskuratutako salaketan jasotakoaren arabera, apirilaren 10ean, barikua, 22:15ak aldera, zaldi-jabeetako bat diren Julian eta Martin Ezenarro anaiek ezagun baten deia jaso zuen ohartaraziz zaldi batzuk kamioian eramaten ahalegintzen ari zirela ezezagun batzuk. Zaldi horietako batzuk bereak izan zitezkeela ere ohartarazi zien deitzaileak.
Zaldiak solte hesitu gabeko baso-lurretan
Kontakizun horren arabera, lekura ailegatu zirenean, Elgoibarko Sallobente auzora, Ertzaintzaren eta Elgoibarko Udaltzaingoaren zenbait patrulla zeuden han, bai eta zaldiak zebiltzan lur-eremuaren jabea zirudiena ere.
Ezenarro anaiei auzotar batek kontatu zienez, lur-eremuaren jabe horrek mezua jarria zuen Whatsapp talde baten. Mezuan zioen mendian, krotal gabe (identifikazio gabe) zebiltzala zaldi batzuk eta nahi zuenari eraman zitzala esaten zion. Gertaera horren bezperan, apirilaren 9an, Martin Ezenarro zaldi-jabeak, Tolosako basozaina zela zioen pertsona baten deia jaso zuen ezenarrotarrek zaldiak bere terrenoetatik -hesitu bako terrenoak- ateratzeko eskatuz.
Kamioia, berlingoa, motorrak…
Ezenarro anaiek Ertzaintzan salatutakoa kontatu diote BARRENAri, zehaztapen gehiagorekin. Haien arabera, bariku gauean, Elgoibarko lurjabe batek mugimendu arraroa sumatu zuen mendian, Azkarate inguruko lurretan. Zer gertatzen zen ikustera hurbildu zenean, sei lagun eta hiru ibilgailu, kamioi txiki bat, berlingo bat, barruan motorra eta txakurrak zituena, eta beste auto bat topatu zituen mendian behera zetozela. Gaueko hamarrak pasata ziren. Hori ikusita, bizilagun horrek pasoa eragotzi zien eta bertan gelditzera behartu zituen, harik eta polizia ailegatu arte.
Ustez, sei lagun horiek mendian harrapatutako 13-14 bat zaldi zeramatzaten kamioi barruan eta poliziak ailegatu zenean guztiak identifikarazi zituen; salatzailearen arabera, Nafarroatik etorri ziren haiek zaldiak eramatera eta zaldietako hiru bereak ziren eta identifikatuta zituen. Gaineratutakoaren arabera, zaldiak zebiltzan lurren jabeak justu zaldiak eskaintzen zituen iragarkia zuen publikatuta Wallapopen zein Whatsapp talde batean. Haietan zioen mendiak krotal bako (identifikazio bako) zaldiak zebiltzala eta nahi zuenak joan eta eraman zitzakeels; “hark erakutsi zien bidea zaldi bila etorri zirenei”, diote Ezenarro anaiek. Gaineratu dutebez, bitarte horretan zaldiek tratu txarra jaso zuten, bat, adibidez, hauspez geratu zen eta beste batzuk pasabide kanadiarretik pasatu ezinda.
Ikerketa abian
Gaiari buruz Elgoibarko Udaltzaingoan eta Ertzaintzan galdetuta, biek ala biek esan dute gertakarien lekuan izan zirela. Udaltzaingoak esplikatu du gaia Ertzaintzari dagokiola. Eta Ertzaintzaren arabera, ikerketa abian dute. Hain justu, esan dutenez, gaiarekin lotutako bi salaketa aurkeztu dira asteburuan Eibarko komisaldegian eta horietako batek, hain zuzen, zaldien lapurreta saiakera salatzen du. Dena den, momentuz, ez dago inor inputatuta eta ezta atxilotuta ere.