Herri Urratsera joateko autobusa antolatu du aurten ere Zuhatzak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 15a

Maiatzaren 10ean ospatuko da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia, Senperen, eta bertara joateko autobusa antolatu dute herriko hainbat gurasok eta Zuhatza Debako Euskaltzaleon Mugimenduak.

Geroa eraikiz lelopean egingo dute Herri Urrats, eta irabaziak Donapaleun (Nafarroa Beherea) eraikitzekoa duten lizeo berriarentzat izango dira; zazpi milioi euro inguruko kostua izango duela aurreikusten dute. Xedearekin lotuta dago leloa: "Lizeo berriak geroa irudikatzen du, eta eraikiz hitzarekin argi geratzen da Herri Urrats jaietan jasotzen den sostengua zertarako erabiltzen den: ikastolak eraikitzeko".

Autobusa 09:00etan abiatuko da Debatik, paseo estalitik, eta 09:10ean jasoko du jendea Itziarko biribilgunean; 19:30ean izango dute Senperen itzulerakoa. Txartelak salgai daude jada, 10 euroan, Ieraenean eta Burugorrin.