Eusko Legebiltzarreko agerraldia "etsigarria" izan dela adierazi du Tren Geltokia Bai plataformak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko apirilaren 16a

Altzolako tren geltokia mantentzearen alde diharduen Tren Geltokia Bai plataformako kideak Eusko Legebiltzarrean izan dira. 

Apirilaren 14an Eusko Legebiltzarreko Mugikortasun Batzordean hartu zuten parte Altzolako tren geltokiaren aldeko plataformako ordezkariek. Gaur gaurkoz oraindik ere hamaika galdera erantzuteke daudela diote plataformatik, eta galdera horien erantzun bila jo zuten Legebiltzarrera, baina azaldu dutenez, ez zuten erantzun bakar bat ere jaso: "Espero genuen gure galderak erantzungo zituztela, guztiak ez baziren ere, batzuk bai behintzat, baina ez zuten bakar bar ere erantzun". 

Haserre itzuli dira Altzolako bizilagunak, eta agerraldia "etsigarria" izan zela azaldu dute. Haien iritziz, EAJko eta PSEko ordezkariak "gidoia etxetik" idatzita agertu ziren bilerara, "gizatasunik gabe, eta mugikortasun iraunkorrarekiko konpromisorik gabe", nahiz eta batzorde hori ordezkatzen duten. Gaineratu dute aurrez prestatutako mitin bat bota zutela EAJko ordezkariek, "hitzak baino, ez". Gaineratu zieten Elgoibarko Udalarekin elkarlanean ari direla Altzolako bizilagunei zerbitzu alternatiboren bat emateko, baina diote, "berriz ere" bizilagunak ahaztu egin dituztela: "Behin deitu ziguten, duela bi urte. Esan genien ez genuela zerbitzu hori guretzat bakarrik ikusten, linearen beste erabiltzaile batzuk baino ez garela, eta ez dugula bereizketarik sortu nahi bizilagunen artean. Egun daukagun zerbitzua mantentzea soilik nahi dugu. Gogora dezagun 100 urte baino gehiago daramatzala martxan. Ez dugu igerilekurik eskatzen, ez antzokirik, ez aireporturik... Daukagunari eustea nahi dugu, eta gogora dezatela, mantendu ez ezik, hobetu egingo zutela agindu zuten".

PSEko ordezkariari buruz esan dute orain dela hamabi urte erabili zuten diskurtso bera irakurri zuela bileran, "baina oraingoan geltokia ahaztu zitzaion". Altzolako kideek leporatu zieten detaile horrekin haien alderdikideek esandakoa zalantzan jartzen ari zirela, baina "belarri batetik sartu eta bestetik irteten zitzaien guk esandakoa". Horrez gain, Altzolako geltokia ez dela erabiltzen aurpegiratu zietela adierazi dute. 

EH Bilduko eta PPko ordezkariak geltokiaren aldeko jarrera erakutsi zuten, eta bat egin zuten Debabarreneko bizilagunen eskaerarekin. Btzarraren amaieran geltokiaren alde batu dituzten 5.568 sinadura erregistratu zituzten. 

Altzolako kideak minduta daude, lehen PSEk geltokiaren alde egin zuelako, baina orain EAJri men egin eta denak geltokia kentzearen alde batu direlako. "Agintari hauekin ez dago zereginik", gaineratu dute. 

Aurrera begira, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran legez besteko proposamena aurkeztea aztertzen ari dira, alderdi guztiek bozkatu dezaten: "Hala ere, beldur gara, uste dugulako zerbitzu publikoen kontra agertzea ere berdin-berdin zaiela". Bide judiziala ere hor dagoela gogoratu dute.