Igandean bypass batekin erregulatuko dute Itziar pareko AP-8 autobideko zirkulazioa

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko apirilaren 17a

Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek adierazi dutenez, Itziar parean zuhaitzak mozteko egin beharreko lanak direla-eta, itxita egongo da autobidea; Bilboko noranzkoan izango da mozketa.

Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dute igandean (apirilak 19), AP-8 autobidea Bilborako noranzkoan itxita egongo dela Itziar parean. Zehaztu dutenez, 56,5 kilometro puntuaren parean bidearen segurtasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Iragarri dutenez, lanek 07:00etatik iluntzera izango dute eragina zirkulazioan. 

Aurreikuspenen arabera, 07:00etatik aurrera bidera erortzeko arriskua duten zuhaitzak mozten hasiko dira eta, tarte horretan, zirkulazioa Bilborako noranzkoan prestatuko duten behin-behineko saihesbidetik desbideratuko dute, "Behobiako norabidearen plataformaren ezkerreko erreia erabilita"; bide mozketak 20:00ak arte irautea aurreikusten dute.