Diskurtso berrien beharra, abiapuntu
Azken urteetako esperientziek erakutsi dute euskaldunek eta munduko beste hizkuntza komunitate gutxituek antzeko erronkak partekatzen dituztela. Aldi berean, hizkuntza gutxituen biziberritzearen aldeko ohiko diskurtsoek indarra galtzen ari direla antzeman dute sustatzaileek.
Testuinguru horretan, Bihar proiektuak bi helburu nagusi ditu: batetik, Hego Globaletik sortzen ari diren diskurtso berriak ikusgarri egitea —hizkuntza feminismoarekin, ekologismoarekin edo migrazioekin uztartzen dituztenak—; eta, bestetik, ikuspegi horiek Euskal Herriko eragileengana ekartzea, esperientzien arteko trukea sustatzeko.
Hiru fasetan garatutako prozesua
Lehen fasean, 2025ean egindako nazioarteko diagnostikoak mundu osoko hizkuntza komunitate gutxituen diskurtsoak aztertu ditu, ikuspegi intersekzional batetik.
Bigarren fasean, 2026ko apiriletik ekainera, diagnostikoaren emaitzak Euskal Herriko hainbat eragilerekin partekatzen ari dira. Guztira, 10 herritan 20 saio antolatu dira, 150 lagun baino gehiagoren parte-hartzearekin. Prozesu honetan, euskalgintzaz gain, beste herri mugimenduetako ordezkariak eta euskaraz ez dakiten pertsonak ere inplikatu dira.
Azkenik, proiektuaren hirugarren fasea izango da Bihar Nazioarteko Kongresua, 2026ko irailaren 23tik 26ra bitartean egingo dena.
Nazioarteko kongresua: topagune eta abiapuntu
“Hizkuntzetatik jalgitzen ari den mundua” lelopean, kongresuak eduki akademikoak, aktibismoa eta kultur adierazpenak uztartuko ditu. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta ekitaldi kulturalak izango dira lau egunetan zehar.
Egitaraua hiru kokagunetan banatuko da:
- Irailak 23: hasiera ekitaldia, Bilbon, Euskalduna Jauregia aretoan
- Irailak 24-25: kongresuaren muina, Ficoba gunean
- Irailak 26: amaiera eta manifestuaren aurkezpena, Hendaian
Antolatzaileen arabera, kongresuak “inflexio-puntu eta abiapuntu” izan nahi du, hizkuntza gutxituen biziberritzean diskurtsoek duten garrantzia azpimarratuz eta nazioarteko lankidetza indartuz.
Ekimenak, gainera, manifestu parte-hartzaile baten argitalpenarekin eta sare global berri baten sorrerarekin amaitzea aurreikusten du.