Gogotsu zelairatu eta halaxe jokatu zuten Ligako azken partidua Debarroa Rugby Taldeko 14 urtez azpiko jokalariek. Aurrez aurre izan zuten Athletico San Sebastian; haiek ere zelairatu ziren gogotsu eta markagailuan puntuak egiten lehenak izan ziren, baita, puntuak batzen ere.
Partiduak aurrera egin ahala joan ziren jokoa sendotzen Debarroa taldekoak, eta apurka-apurka, markagailuan bi taldeen arteko distantzia gutxitzen joan zen. Baina, motz geratu zitzaien partidua etxekoei eta ezin izan zioten buelta eman.
29-33 galdu zuten eta ihes egin zien ligako 7. postuak; hala ere, pozik bukatu zuten eguna, giro aparta izan baitzen bi taldeen artean.
Ligakoak eginda, maiatzerako prestatzen dabiltza SoraGazteak Rugby Klubekoak. Seven partiduak, Errugbi Eguna eta bestelako ekitaldiak izango baitituzte datozen asteotan.