Altxa Buruak komunikazio-ohiturei eta digitalizazioari buruzko hausnarketara gonbidatu ditu herritarrak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko apirilaren 24a

Telmo Lazkano, Altxa Burua Mugimenduko ordezkaria.

Debako Udalarekin elkarlanean, galdetegi bat zabaldu dute tokiko eragileen artean, eguneroko errealitatea gertutik ezagutzeko asmoz. Halaber, saio praktikoa iragarri dute, Telmo Lazkano adituarekin, maiatzaren 4rako.

Altxa Burua Deba-Itziar taldeak nabarmendu bezala, “gaur egun, komunikatzeko moduak asko aldatu dira, bereziki telefono mugikorraren eta sare sozialen erabilerarekin”. Eta, testuinguru horretan, beharrezkoa ikusi dute herriko eragileen  (sozialak, kulturalak, kirol arlokoak eta aisialdikoak) errealitatea ezagutzea: “Zein tresna erabiltzen dituzten, nola komunikatzen diren kideekin —bereziki haur eta nerabeekin— eta zein erronka edo zailtasun aurkitzen dituzten egunerokoan”.

Helburu horrekin zabaldu dute, hain zuzen, inkesta bat eragileen artean, galdetegiaren bidez jasoko duten informazioa “oso baliagarria” izango delakoan. “Alde batetik, gaur egungo egoera ezagutzeko eta hobeto ulertzeko balioko digu; bestetik, aurrerago antolatuko den saio baterako oinarria izango da”, azaldu dute. Bada, lehen saio hori maiatzaren 4an egingo dute, Telmo Lazkano adituarekin; 18:30ean jarri dute ordua, Gaztelekuan. Aurreratu dutenez, elkarrekin hausnartu eta komunikazioa eta digitalizazioa zentzuz eta modu praktikoan lantzeko aukerak aztertuko dituzte bertan.

Inkesta apirilaren 30era arte bete ahal izango dute eragileek, esteka honetan.