Mintxetako atletak 10 kilometroko Euskadiko Txapelketan lehiatu dira

Asier Orbea Ostolaza 2026ko apirilaren 29a

Hondarribia 10K lasterketa jokatu zuten domekan Hondarribian, distantziako Euskadiko eta Gipuzkoako Txapelketak jokoan zirela. 

Antolatzaileek 1.000 parte hartzailetan jarri zuten partaide kopuruaren muga, eta 940 lagunek eman zuten izena. Izan ere, proba Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketa ere bazen arren, lasterketa herrikoia izatea da antolatzaileen nahia. “Ez da soilik eliteko kirolarientzako proba bat; herritar guztiei irekita dago, bakoitzak bere erritmoan gozatu eta parte hartzeko aukera izan dezan”, azaldu zuten Higer Komarka Aldea Kirol Elkarteko kideek proba jokatu aurrekoan. Bosgarrengoz egin dute aurten. 

Antxitxikariak Minatera kaletik abiatu ziren eta bihurgune gutxiko 10 kiometroko ibilbide azkar eta lauan lehiatu ziren, marka onak lortzeko "oso egokia", antolatzaileen berbetan.

Mintxeta Atletismo Taldeko bi ordezkari lehiatu ziren Hondarribiko proban: Idoia Nogales Alberdi hamargarren postuan sailkatu zen, 38 minutu eta 33 segundoko denbora eginda; eta, Oihane Agirrebeña Iturbe 38. postuan (46:17).

Emakumezkoetan Elena Silvestre Soriano errenteriarrak irabazi zuen proba (35:40) eta bera da distantziako Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna. Maite Arraiza donostiarra izan zen txapeldunorde (36:16) eta Irati Zurutuza legazpiarra igo zen podiumeko hirugarren koskara, 36:48ko denborarekin. 
Gizonezkoetan Iraitz Arrospide Garro saltakari tolosarra izan zen azkarrena, 29:57ko denborarekin. Ismael Bouraga sestaoarra sailkatu zen bigarren postuan (30:48) eta Ander Garin alegiarra hirugarrengoan (30:55)