Manifestazio bukaeran ekitaldi politikoa egingo dute, Untzagan, eta ondoren, txartela aurrez erosita dutenek, elkarrekin bazkalduko dute udaletxeko arkupeetan. Bazkalosterako, Nebar taldearen kontzertua iragarri dute.
Kapitalismoaren kontra, langileen aldeko politikak
Maiatzaren 1a jai eguna barik borroka eguna dela azpimarratu du LABek, beste behin, eta orain, inoiz baino premia handiagoa ikusten du, gainera, borrokarako. "Kapitalistek krisi ekosozial iraunkorra eragiten dute. Antolatzen eta borrokatzen segitu behar dugu gizarte justu, feminista, antirrazista, solidarioa eta jasangarria lortzeko", zehaztu dute. Hain justu, munduak egun bizi duen gerra giroari erreparatu diote aurten. "Nazioarteko testuingurua bereziki kezkagarria da: eskuin muturreko ideologiaren gorakada, interbentzio inperialistak eta gerrak areagotzen ari dira. Tentsio eta ziurgabetasun giro batean gara, eta horretan desberdintasunak gero eta handiagoak dira. Langile klaseak sistema kapitalista heteropatriarkalaren ondorioak bete-betean pairatzen ditu". Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak munduko herriak eta langileak jo-puntuan dituztela salatu dute, eta gehitu haien menpe jarri direla Europako agintari gehienak. "Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala eta heteropatriarkala", salatu dute. Horregatik, Maiatzaren 1eko mobilizazioetan gerraren kontrako oihua ozen oihukatzera deitu dute. Horren harira, ohartarazi dute gerraren ondorioz sortutako ezegonkortasuna baliatzen duela patronalak prezioak garestitu eta langileen lan-baldintzak eskasteko. "Patronalak, gobernuekin batera, gure bizitzak prekarizatzen dituzten eta planeta suntsitzen duten politika eta erreforma bortitzak inposatzen ditu. Euskal Herria ere ez dago arrisku globaletatik salbu".
Zentzu horretan, ezinbesteko ikusten dute lan baldintzak, lansariak eta pentsioak "duintasunez negoziatzeko erabakiguneak" gerturatzea.