Denboraldi bikaina egiten ari dira Amaikak-Bat taldeko gizonezkoen Gorengo kadeteak. Hogeita zazpi jardunaldi jokatuta, sailkapen nagusian lider dira, hogeita bost partidu irabazi, bakar bat galdu eta beste bat berdindu ondoren. Puntu bakarrera dute bigarren sailkatua, Mondragon taldea, eta bederatzira, Lazkao, hirugarren sailkatua. Maila honetan, sailkapen nagusiko lehenengo bi taldeak igotzen dira kategoriaz, eta horregatik erabakigarria zuten atzoko partidua, Anaitasunari etxean irabaziz gero, matematikoki mailaz igotzen zirelako, hiru jardunaldi bakarrik gelditzen baitira liga amaitzeko. Eta horren jakitun, zaleen babesa eskatu zuten klubetik atzorako. Partida, baina, uste baino erosoago irabazi zuten etxekoek. Erasorako jokoa hasi zuten hasieratik, eta 11 gol sartu zizkieten etxekoek azkoitiarrei; eta bakar bat ez haiek.
Partida irabazi ostean, beraz, pozarren ziren jokalariak, eta udaletxeko balkoira igoarazi zituzten, zaleekin ospatzera.
Kadete neskak ere fin, igoera fasean
Emakumezkoen taldea ere denboraldi borobila ari da egiten. Laugarren dira igoera faseko sailkapen nagusian, lider doan Martutene taldearengandik bi puntura: 22 punturekin. Arrupe Chaminade taldea dago bigarren (23), eta Aizkorri-Segura hirugarren, Amaikak-Bat taldearekin puntutara berdinduta (22). Bost jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta mailaz igotzeko borrokan bizi-bizi jarraitzen dute, sailkapen nagusiko lehenengo laurak igotzen baitira gora [Touring dago bosgarren, Amaikak-Bat baino puntu bat gutxiagorekin:21]. Debarrek ostiralean jokatu zuten jardunaldi honi dagokion partidua etxean, Errotazarren, Añorgaren kontra, eta 1-0 irabazi zieten.