Batetik, Oihane Aguirrebeña Iturbe izan zen emakumezkorik azkarrena Zarauzko VIII. Herri Lasterketan. Antxitxikari elgoibartarrak 36 minutu eta 54 segundutan osatu zuen ia bederatzi kilometroko ibilbidea. Emakumezkoetan Natale Bergara (00:37:39) eta Andrea Muñoz (00:38:09) sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan. Gizonezkoetan Jokin Bellido oriotarra izan zen azkarrena (28:06), Kamel Ziani herrikideari (00:29:25) eta Aimar Sukuntza lasartearrari (00:29:28) aurrea hartuta. Guztira 200 bat korrikalarik parte hartu zuten A 3 el km! taldeak antolatutako lasterketan. (probako argazki-bilduma Guka toki komunikabidean)
Doping teknologikoaz galdezka
Tokiko kirolaren sare soziala den Matx egitasmoko lagunak ere izan ziren Zarautzen, eta doping teknologikoaren inguruan galde egin zieten probako partaideei. MatxEroak atalean argitaratu duten bideo osoa 𝙬𝙬𝙬.𝙢𝙖𝙩𝙭.𝙚𝙪𝙨 sare sozialean ikus daiteke
Idoia Nogales irabazle “El desafío de la ballena” lasterketan; eta Alberto Arberas txapeldunorde
Bestetik, Mintxeta taldeko ordezkari Idoia Nogales debarrak irabazi zuen El desafío de la ballena lasterketaren laugarren edizioa. Kantabriako Santoña, Colindres eta Laredo herriak batzen ditu proba honek, bi distantziatan: Santoñatik abiatzen den 19,.5 kilometroko lasterketa; eta Colindresetik abiatzen den 10 kilometrokoa. Helmuga bera dute biek: Laredoko Talaiako begiratokia. Aurtengoan 600 bat korrikalari lehiatu ziren bi probetan. Idoia Nogalesek 10 kilometroko proban hartu zuen parte, eta bera izan zen emakumezkorik azkarrena, 42 minutu eta 7 segundoko denborarekin. Merche Palacios sailkatu zen bigarren postuan (44:21) eta Eider Errasti helmugaratu zen hirugarren postuan (48:39). Gizonezkoetan Juan Carrascal gailendu zen (36:00) eta Lea La Blanca taldeko Alberto Arberas Agirrebeña elgoibartarra sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik lau segundora.




