Almadiaren Eguna bideoan jaso du Ion Urbieta elgoibartarrak

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 5a

Ama Burgikoa du Ion Urbietak eta almadiazaina izan zuen amaren aldeko aitona: Pilar Sanz. Aitonak berak hazi zuen Ion, 4 urte inguru bete arte, eta ondorioz, umetatik bizi izan ditu almadiazainen historia eta Almadien Eguneko jaia elgoibartarrak. 2013az geroztik, kamera hartuta joan da urtero Burgira -salbu 2020an eta 2021ean, pandemiagatik ez zelako egin-, eta hamaika irudi eder jaso ditu. Hala egin zuen joan zen maiatzaren 2an ere. Hona hemen osatu duen laburpen-bideoa.

Arbola enborrak ebagi, zuritu eta prestatzen hilabeteak egiten zituzten mendian Erronkaribarreko gizonek garai batean. Lanbide gogorra zen haiena, inondik inora. Enbor haiek lehenbailehen saltzea izaten zuten helburu, eta udaberrian, ur emaria handitzen zenean, ibaian behera jaisten zituzten almadietan. Zangotza, Tutera eta Zaragozaraino ere iristen ziren almadiazain haiek, harik eta 1952an Esako urtegia eraiki zuten arte. Almadiazainen inguruko erregistro zaharrenak XIV.mendekoak dira, baina ia ziurtzat jotzen da aurreragotik ere ibiliko zirela egiteko horretan Erronkaribarrean, Europako beste bazter askotan egin ohi zuten moduan.

Almadiazainen lana izaten zen hori, menditik egurra jaistekoa, eta haien ogibidea zena erakusteko jaia da gaur, hein handi batean, Almadien Eguna. Labur esanda, garai bateko bizimodu gogorraren antzezpen bat da. Izan ere, gizonen lana ez ezik emakume latsariena ere bistaratu ohi dute. Gizonen faltan, emakumeek hartzen zuten etxeko ardura osoa bere gain garai batean. Hilabeteak egiten zituzten haiek ikusi barik, eta horregatik, almadiak festa ere baziren haientzat, luzaroan ikusi bako senarrak ikusteko aukera izaten zutelako, besteak beste. Negu bete-betean ere harrikoa errekan egiten zuten emakume haiek irudikatu ohi dituzte orain ibai ertzean Almadien Egunean. Eta hori guztia janzteko, musika, artisau azoka eta beste ekintza asko ere antolatu ohi dituzte Burgin.

Eta antzezpen hori ikustera, jendetza handia batu ohi da urtero Burgira, Ezka ibai bazterrera. Aurten hiru almadia jaitsi dituzte, eta nahikoa lan erabili dute gainera, ura eskas zelako ibaian. Almadia horietako bi Erronkarin egindakoak izan dira, baina hirugarrena Iruñean egin dute, Donibane lanbide heziketako zentroan. Hantxe josi dituzte Erronkariko arropa tradizionalak ere joskintza ikasleek aurtengo jairako. Bideoan proiektu horren buru izan den irakasle Aingeru Zabaleta Alsua leitzarra elkarrizketatu du Urbietak, bai almadiazain ofizioa ondo ezagutzen duen Arturo Erlanz Abad burgiarra ere.

Bideoko kantua -Begi argiz (IDOIArena)- Desgaraian taldearena da. Hain justu ere, Mendaroko Ameikutz musika eskolako irakaslea da talde horretako kideetako bat, Garikoitz Ortiz de Villalba, Urbietaren alabetako baten musika irakaslea.

Ion Urbieta, emazte Patricia Navo eta Alaia eta Amalur alabekin, Burgin, almadiara igota

Pilar Sanz Burgiko almadiazaina, Ion Urbietaren aitona.