Eibarko Mendiak Bizirik taldetik jakinarazi dutenez, Elkarrekin-Podemosek egindako “ebazpen-proposamenak Basalgoko proiektu eolikoak, eragingo lituzkeen kalte handiengatik, izan duen aurkako erantzun gogorra hartzen du arrazoitzat”. Gogora ekarri dute 6.282 herri-alegazio jaso zirela proiektuaren kontra eta kaltetutako bost Udalek ere aurkeztu zituztela proiektuaren aurkako txostenak.
Xehetasunen arabera, “Elkarrekin-Podemosek gogorarazten du 2022tik 13 proiektu aurkeztu direla Gipuzkoan parke eolikoak eraikitzeko, eta proiektu horietako askok eremu desegokiei eragiten dietela, biodibertsitatean, paisaian eta ondarean duten inpaktu izugarriengatik, besteak beste”. Hori dela eta, alderdi ezkertiarrak “trantsizio energetiko bidezko eta eredu parte-hartzaile baten beharra” ere aipatzen du ebazpen-proposamenean.
Parte-hartzea, planak…
Oro har, honako lau puntuak barnebiltzen ditu Elkarrekin-Podemosen ebazpen-proposamenak:
- 1.- “Ingurumena zainduko duen trantsizio energetiko jasangarria eta bidezkoa defendatzea, eta Euskadiko Energia Berriztagarrien LAPean jasotako baldintzak betetzen ez dituen edozein proiektu energetikoren aurka administratiboki jardutea.
- 2.- Gipuzkoan proiektatzen diren proiektu energetikoek eragindako eragile guztiei eta herritarrei irekitako parte- hartze soziala defendatzea.
- 3.- Gipuzkoako basa fauna eta flora babestuaren kudeaketa planak argitaratzea, Batzar Nagusi hauen osoko bilkuran aho batez onartutako 23/2025 Ebazpena, hegazti nekrofagoen kudeaketa-plana eta kiropteroen kudeaketa-plana idatzi eta ondoren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzeari buruzkoa, betez.
- 4.- Basalgo parke eolikoaren proiektuak eragindako eremuan uraren zikloa zaindu eta babestea, oinarrizko ondasun hori bermatuz bertan bizi diren komunitateei, bai eta nekazaritza- eta baso-lurzorua ere, lurraldea basoberritzeko eta zaintzeko proiektuekin”.
Gerrako ondarea babestea
Bestalde Gerra Zibilaren harira, Elkarrekin-Podemosen ebazpen-proposamenak eskatzen du babes dezatela dagoen ondarea, zehazki, “Kalamua, Akondia, Arrate, Topinburu, Illordo eta Intxorta inguruetan Gerra Zibileko defentsa-guneak eta egiturak Babes Ertaineko Kultura-ondasuna deklaratzeko espedientea has dezala” eskatuko dio Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Batzordeari.
Bigarren aldiz batzarretan
Basalgoko zentral eolikoaren proiektua Batzar Nagusietara eramaten duten bigarren aldia izango da honako hau. Joan den apirilaren 16an bi orduko agerraldia egin zuten Eibarko Mendiak Bizirik elkarteko ordezkariek. Bertatik bertara azaldu zituzten milaka herritar Basalgoko proiektu eolikoaren aurka jartzera bultzatzu dituzten arrazoiak. Arena Power enpresaren proiektuan aurkitutako “akats eta omisio ugariak” mahaigaineratu zituzten eta bestak beste, ordezkari politikoei zenbait proposamen egin zizkieten.