Emakumezkoen txirrindularitzaren hilabetea izango da maiatza euskal herrepideetan. Hasteko, Emakumeen Euskal Herriko txirrindularitza itzuliaren bosgarren ekitaldia jokatuko dute maiatzaren 15etik 17ra bitartean. Zarautzen hasiko da, maiatzaren 15ean, ostiralez, eta Donostian amaitu, hilaren 17an, igandez. Hiru etapa izango ditu probak: Zarautz-Zarautz (121,3 kilometro), Abadiño-Zornotza (138 kilometro), eta Donostia-Donostia (113,1 kilometro). Aurreko urteetan baino gutxiago, baina tropela igaroko da Debabarreneko errepideetatik, bereziki aurreneko etapan, Zarautzen hasi eta bukatuko denean. Txirrindulariak Itziartik, Kalbariotik eta Azkaratetik igaroko da lehen kilometroetan (ikus Zarautz-Zarautz etapako ibilbidea).
Gipuzkoako Itzulia Debabarrenean erabakiko da
Aldiz, eskualdeko errepideek pisu handiagoa edukiko dute Emakumeen Gipuzkoako Itzuliaren seigarren ekitaldian, Deban eta Elgoibarren hasi eta amaituko baitira Itzuliko hiru etapetatik bi. Tolosatik abiatuko da Itzulia maiatzaren 22an, erlojuaren aurkako 3,7 kilometroko saioarekin (ibilbidea).
Bigarren etapa, berriz, Deban hasi eta bukatuko dute maiatzaren 23an. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak Amaikak Bat elkartearen laguntza izango du etaparen antolakuntzan. (ikus Deba-Deba etapako ibilbidea -PDF-)
Elgoibarren hasi eta bukatuko den Itzuliko azken etapa maiatzaren 24an jokatuko dute. Federazioak Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolaren laguntza izango du antolakuntzan. Lagun Taldekoek bidegurutzeak zaintzeko behar dute jendea, eta horretarako prest daudenei klubeko arduradunekin harremanetan jartzeko eskatu diete, elt_txe@hotmail.com helbidera idatzita. (ikus Elgoibar-Elgoibar etapako ibilbidea -PDF-)
Bi ibilbide
Bigarren eta hirugarren etapetan bi ibilbidetan lehiatuko dira txirrindulariak: Batetik kadete mailakoak, eta bestetik junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariak. Hala, kadeteek 43 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Debako etapan, eta 56 kilometrokoan helduek. Elgoibarko etapan, 35,4 kilometrokoa izango da kadeteentzako ibilbidearen distantzia eta 88,9koa besteentzat.
Aurreko urteetako emaitzak: