2023ko azaroan hasi zuen UEMAk estreinako Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin. Kanpaina hartako protagonistak herri ezberdinetako haur eta nerabeak izan ziren, eta irudi hark oihartzun handia izan zuen sareetan. Bigarren urtean, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari zirenengan jarri zuen fokua UEMAk, eta oraingoan, berriz, euskara ikasi edo ikasten ari direnengan.
Hirugarren kanpaina honetan parte hartu duten lagun guztiak euskaldunak dira, nahiz euskara ez den beren lehen hizkuntza. Gaztelera, hassaniera, arabiera, koreera, portugesa edo amharera jaso dute etxean, baina euskara ikasten ari dira eta euskaraz egin nahi lukete beren herritarrekin. Askotan, baina, azalaren koloreagatik edo aurreiritziengatik erdaraz egiten diete herrikideek, eta modu horretan, zeharka, kanpokoak direla esaten diete. Eta horretaz ohartarazi nahi gaitu UEMAk, batetik, eta bestetik, euskarara gerturatzeko ahalegina egiten ari direnen ahalegina aitortu.
Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan
Kanpaina honen oinarrian Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Zaldibian hasi zuen egitasmo hori UEMAk, HUHEZIrekin eta Zaldibia bertako hainbat eragilerekin batera, eta ikusita emaitza onak eman zituela, beste herri batzuetara zabaldu zuten gero. Hala, azken urteotan, 29 herri batu dira egitasmora.
