Hilaren 31n itxiko dute Debako tokiko energia komunitatean izena emateko epea

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 12a

Debako Udalak "oso modu positiboan" baloratu du proiektua, herritarren "parte-hartze aktiboa" azpimarratuta.

Udal gobernuaren esanetan, "martxa onean" doa TEK Deba-Itziar energia-komunitatea sortzeko prozesua, herritarrentzat energia eredu berri baten oinarriak ezarriz. Azaldu dutenez, aurreikusitako bidea egiten ari da. "Herritarren parte-hartzea aktiboa izaten ari da, eta izena emateko prozesuak aurrera jarraitzen du. Une honetan, proiektuan sartzeko aukera irekita dago, baina plaza kopurua mugatua da, eta eskuragarritasuna pixkanaka murrizten joango dela aurreikusten da", ohartarazi dute. Bada, izen-ematea maiatzaren 31ra arte egongo da zabalik; Internet bidez eman daiteke izena, labur.eus/l1wupt06 helbidean sartuta.

Ekimen honen bidez, etxebizitzek eta saltoki txikiek tokian bertan sortutako energia berriztagarria erabiltzeko aukera dute, autokontsumoa sustatuz eta energia hornidura eredu jasangarriago baterantz pausoak emanez. "Energia komunitatean parte hartzen duten pertsonek energia berriztagarriaren onura izango dute, instalaziorik edo obrarik egin beharrik gabe, eta %25era arteko aurrezkia lortu ahalko dute euren faktura elektrikoan", nabarmendu dute.

Bide batez, proiektuaren ikuspegi soziala ere azpimarratu du Udalak. Izan ere, sortutako energiaren zati bat egoera ahulenean dauden familiei bideratzea aurreikusten dute, "trantsizio energetikoa bidezkoa eta inklusiboa izan dadin".

"Urrats garrantzitsua"

Debako alkate Alazne Txurruka baikor azaldu da proiektuaren bueltan. Azpimarratu duenez, "TEK Deba-Itziar proiektua oso modu positiboan baloratzen dugu. Herrian energia berriztagarria sortu eta partekatzeko aukera erreala eskaintzen du, eta Debaren etorkizun energetikorako urrats garrantzitsua da". Horiek horrela, oraindik ere izena eman ez duten herritarrei dei egin die "aukera hau baliatu eta komunitate energetiko honen parte izan daitezen".

Egitasmoari buruzko informazioa emateko eta zalantzak argitzeko helburuarekin, bi saio informatibo egin dituzte azken asteotan: bata apirilaren 22an Deban, Kultur Elkartean, eta bestea apirilaren 28an Itziarren, Burugorrin. Halaber, informazio gehiagorako, herritarrek www.comunidadenergeticalocal.eu/eu/proiektuak/deba-itziar/ webgunea kontsultatu edo 900 85 96 95 telefono zenbakira deitu dezakete, doan –astegunetan, 10:00etatik 18:00etara–.