Udal administrazioko langileek bi orduko lanuztea egin zuten apirilaren 23an (irudian Elgoibarko udal langileek eginiko lanuztea), eta egun osoko grebara deituta daude ostegun honetarako (maiatzak 14). Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udaletan 28.378 langile publiko zeuden urtarrilaren amaieran, Eustatek zabaldutako azken datuen arabera: Bizkaian 13.511, Gipuzkoan 9.728 eta Araban 5.139.
Udalhitz ituna
EAEko tokiko erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen ituna da Udalhitz, eta beharginek salatu dute hura berritzeko negoziazioak aspalditik daudela blokeatuta. Grebaren deitzaileek gogora ekarri dutenez, duela hamasei urte eguneratu zuten azken aldiz, eta salatu dute hura berritzeko orduan Eudelek eta udalek ez dutela proposamen "integralik" egin. Negoziazioa "oso motel" doala salatu dute, eta eduki zehatzak falta direla. "Udalhitzeko mahaian aldarrikapen asko falta dira, eta udal mailako negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak okertzen ari dira urtez urte", adierazi dute.
Langileen egoera okertzearen arrazoietako bat Espainiako Gobernuan ikusten dute, edo, zehatzago esanda, uste dute udalek bere egin dituztela Madrilek soldaten eta enpleguaren inguruan hartutako erabakiak. Horrela, azken urteetan Espainiako Gobernuak finkatutako soldata igoerak aplikatu dituzte Hego Euskal Herriko administrazio guztiek, horretara behartuta zeudela argudiatuta. ELAk eta LABek, berriz, uste dute badutela modua soldatak erabakitzeko, eta hala ez egin izanak erosteko ahalmena galarazi diela udal langileei.
Gauzak horrela, EUDELi eta Udaletan aginte postuetan dauden alderdi guztiei —EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteak— exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzeko, egoeraren erantzule egin baitituzte.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, atxikimendu ugari jaso ditu grebarako deialdiak. "Azken asteetan udalez udal atxikimenduak biltzen eta langileen asanbladak egiten aritu gara. EAEko 120 udal eta udal enpresatan lortu dugu bertako langile batzordeak edota langileen ordezkariek babesa ematea ELAk eta LABek aurkeztu dugun mozioari. Besteak beste, hiru hiriburuetan, Getxon, Irunen, Barakaldon eta Errenterian lortu dute babes hori. Horrez gain, udal batzuetan langileen asanbladek udal horiek ixteko erabakia hartu dute. Itxiko diren udalen artean daude, besteak beste, Hernani, Usurbil, Oñati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain eta Zumarraga. Beste zenbait udaletan eta udalen zerbitzutan ere jarraipen garrantzitsua izango dela aurreikusten dute.
