Idoia Nogales eta Alberto Arberas izan dira azkarrenak Otala Zelai krosean, bikote mistoetan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 18a

Urkulu urtegi inguruan jokatu zuten atzo Olala-Zelai kros herrikoiaren 46. ekitaldia.

Bikote mistoen kategorian lehiatu ziren Debako Idoia Nogales eta Elgoibarko Alberto Arberas korrikalariak, eta lehen postua eskuratu zuten.

Bakarkako kategorian Nere Arregi (0:33:00) eta Unai Ibarra (0:25:52) arrasatearrak gailendu ziren. Eskualdeko ordezkariei dagokionez, gizonezkoen artean, Soraluzeko saltakari Camilo Lopez Torresek lortutako seigarren postua (0:29:50) nabarmendu behar da. Era berean, emakumezkoetan aurrenekoekin lehian aritu zen Oihane Agirrebeña Iturbe elgoibartarra. Mintxeta taldeko ordezkaria bosgarren postuan sailkatu zen (0:42:07). Zortzigarren eta bederatzigarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren, Vanesa Orozco Franco eta Nerea Atxotegi Goenaga soraluzearrak. 

Urkulu inguruan

UDA kirol elkarteak eta Aretxabaletako Udalak antolatzen dute Otala-Zelai kros herrikoia Joseba Larrinaga "Mardo" korrikalariaren omenez, eta 46. ekitaldia izan da aurtengoa. Nagusiak 8.410 metroko ibilbidean lehiatzen dira. Urkuluko urtegiari itzulia eman eta gero Otala zelaira igotzen dira, eta azken 200 metroetako gogortasunak erakarrita, hantxe batzen da ikusle gehien. Probako argazki gehiago Goiena toki komunikabidean. 

Alberto Arberas eta Idoia Nogales izan ziren azkarrenak bikote mistoen kategorian. Arg: Goiena.

Bikote mistoen kategoriako podiuma. Goiena.