Euskal antzerkiaren erakusleiho izango da Deba maiatzaren amaierara arte

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko maiatzaren 22a

Gaur hasi eta maiatzaren 31ra bitartean ospatuko da 39. Antzerki Astea; umorea, inprobisazioa, sorkuntza propioak eta adin guztietako publikoari zuzendutako ekitaldiak uztartu ditu. Hamar antzezlan ez ezik, inprobisazio tailerra ere iragarri dute.

Abiatzear da "herriko guneak eszenaz eta emozioz" beteko dituen Debako Antzerki Astea, Goaz Antzerki Taldearen ekimenez. Jaialdiak hogeita hemeretzigarren aldia du aurten, eta hamar egun hartuko ditu, gaurtik hilaren 31ra bitartean. Askotariko egitaraua ondu dute antolatzaileek eta, azaldu dutenez, berritasunik ere izango da tartean. Jaialdiaren esentzia ez da aldatu, ordea. "Antzerki Astea, beste behin ere, antzerki amateurraren eta profesionalaren arteko zubia izango da, sortzaileei plaza eskaintzeko eta herritarrei antzerkia bizitzeko, partekatzeko eta harremanak sortzeko aukera emateko", nabarmendu dute.

Simon Berasaluze plazan izango da lehen emanaldia, gaur, 19:00etan, Gasteizko Zurrunka Teatro eta La Semilla Voladora konpainiek Birakolore kale ikuskizuna aurkeztuko baitute. Baina Agirre jauregiko Ispiluen gelan taularatuko dituzte gainontzeko antzezlan guztiak, bat izan ezik: maiatzaren 31n Itziarko Burugorrin izango da Bilboko Gilkitxaro taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak lana.  

Bertoko ikasleak ere oholtzan

Donostiako Zurriola Antzerki Eskola, Elorrioko Arrapaladan, Aizarnako Herri Eskola eta Baionako Itzuli taldea ere izango dira egunotan herrian, baina tokiko sormen lanik ere ez da faltako jaialdian. Izan ere, Debako Gozatuz egitasmoko antzerki ikastaroko ikasleak ere ariko dira oholtzan; hiru antzezlan egingo dituzte.

Berritasun nagusien artean, bestalde, inprobisazioak izango duen indarra azpimarratu du Goazek. Supituki taldearen eskutik, hain justu, Supituki show inprobisazio ikuskizuna eta bi eguneko inprobisazio tailerra ere izango dira aukeran. Tailerra doakoa izango da, baina izena aldez aurretik eman behar da. Izena emateko edo informazio gehiagorako, idatzi goazantzerkitaldea@gmail.com helbidera edo sartu labur.eus/GoazAntzerkiAstea estekan.

Egitarau osoa Barrena.eus atariko agendan ikus dezakezue.

Sarreren salmenta:

Antzerki emanaldiak hasi aurretik, leihatilan bertan salduko dituzte sarrerak; aurrez, berriz, Internet bidez eros daitezke, esteka honetan: labur.eus/GoazAntzerkiAstea