'Bihurri' aizkolariak hamabi auto moztu zituen Bergara Pneumatikoak enpresaren urtemugan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 21a

Erronka handi bezain bitxiak egin izan ditu Ernesto Ezpeleta 'Bihurri' aizkolariak herri kiroletan egin duen ibilbide oparoan, eta bat gehiago batu du zerrendara.

Aizkolariak egurrarekin lan egiten ikustera ohituta gauden arren, ondo zorroztutako aizkora batekin edozer mozteko gai direla frogatu zuen Bihurrik maiatzaren 10ean Bergaran egin zuen erronkan. Haren babesleetako bat den Bergara Pneumatikoak enpresak hamabost urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko zerbait berezia prestatzea proposatu zioten Mendaron bizi den aizkolari eibartarrari. Proposamena onartu bakarrik ez, inoiz egin gabeko erronka egingo zuela esan zien Bihurrik: hamabi auto aizkorarekin moztea. Esan eta egin. Ordubete eta bost minutuan gauzatu zituen lanak, auto guztiak bi zatitan lagata. Enborrekin gertatzen den moduan, auto batzuk besteak baino zailagoak izan zirela esan zuen lanak amaitutakoan. 

Zaharrak berri

Autoak moztearena ez da berria Bihurrirentzat, aurrez ere aritua baita lanotan; ez, ordea, orain besteko kopuruan. Oraingoa munduko errekorra izan dela dio, eta gogor entrenatu behar izan duela. 2018. urtean lau auto moztu zituen aizkorarekin Eibarko Untzaga plazan egin zuen erakustaldian. Eibar eta Real Madrid futbol taldeek jokatu zuten partida girotzeko antolatu zuten saioa. Era berean, 2023. urtean, BBK Live musika jaialdi entzutetsuan ere moztu zuen auto bat.

Ernesto Ezpeleta perimetro handiko enborrak ebakitzen espezializatutako aizkolaria izan da eta hainbat marka ditu eginak, hemen horietako batzuek.

Argazkiak: bihurri.com