eduki babestua

Autokontsumo fotovoltaikoa herritarren eskura, inbertsiorik gabe, Elgoibarren

EDUKI BABESTUA 2026ko maiatzaren 22a

Koldo Garcia Madariaga proiektuaren arduraduna (Goiener).

Goiener berriztagarrien kooperatibak instalazio fotovoltaiko berria jarri du Etxepe Mekanizatuen estalkian. Proiektu honi esker, inguruko 30 familia inguruk 0 kilometroko argindarra kontsumitu ahal izango dute, hasierako inbertsiorik egin beharrik gabe. izen-ematea zabalik dago. 

Trantsizio energetikoa ez da jada urruneko helburua, geure herriko teilatuetan pixkanaka gertatzen ari den errealitatea baizik. Elgoibarren energia eredu jasangarriago eta demokratikoago baterako bidean beste urrats bat egin dute duela gutxi. Goiener kooperatibak, Etxepe tailerrarekin elkarlanean, autokontsumo partekatuko instalazioa jarri du enpresaren eta herritarren zerbitzura.

Nola funtzionatzen du proiektuak? 

Gertuko energia sortzeko eta kontsumitzeko modu kolektiboa da. Goiener Taldeak instalazio fotovoltaiko bat jartzen du herriko eraikin baten gainean, eta bertan sortzen den energia-soberakina Goienerren bazkideen artean banatzen dute. 

Etxepeko instalazioak 99,6 kWp-ko potentzia du eta urtean 100.000 kWh sortuko dituela aurreikusten dugu. Tailerrak behar duen energia hartu ondoren, 39.000 kWh-ko soberakina geratuko da herritarren artean banatzeko. Kalkuluen arabera, 30 etxebizitzak autokontsumituko dute bertatik.

Inbertsiorik eta obrarik gabe

Parte hartu nahi duten bizilagunek ez dute inolako inbertsiorik egin behar, soilik Goienerren bazkidetu eta bertan kontsumitu. Goienerrek bere gain hartu du instalazioaren kostua. Parte-hartzaileek prezio finko bat ordainduko dute kontsumitutako argindarragatik, eta prezio horrek ez du izango sare elektrikoaren kargurik, bidesaririk, ezta argindarraren gaineko zergarik ere. Gainera, ez da obrarik egin behar etxean. Ohiko argindar sarea erabiltzen da, eta kontagailu bidez neurtzen da zenbat energia sortzen duen instalazioak eta zenbat kontsumitzen duen puntu bakoitzak. Baldintza bakarra da instalaziotik bi km-ko erradioan egotea.

Eragin positiboa ingurumenean eta poltsikoan 

Tokiko energia berriztagarria kontsumitzeaz gain, proiektu honek onura ekologiko nabarmena du. Urtean 10,8 tona CO2 isurtzea saihestuko da. Ekonomikoki ere aukera bikaina da, egun argiz kontsumituko den argindarraren prezioa justu eta finkoa izango da, merkatuaren gorabeheretatik salbu. Gauez kontsumitzaileek argindarra saretik ohiko eran hartzen jarraituko dute.

Nola parte hartu? 

Ineteresa dutenek formularioa bete behar dute proiektuaren webgunean. Prozesua sinplea da: 1. Formularioa bete zure datuekin –izan argindar-faktura eskura eta bertako HPKU/CUPS kodea–. 2. Goienerreko bazkide izan –edo bazkidetu–. 3. Kontratu berria sinatu, zure puntuak autokontsumo instalazioak sortzen duena aprobetxatzeko.

Informazio gehiago

Interesa duena Elgoibarko Ikastolatik pasa daiteke maiatzaren 27an 10:00etatik 12:00etara. Aurrez ordua eskatzeko edo proiektuan interesa azaltzeko: labur.eus/auz47