Egoi Motrikok hirugarren postua eskuratu du Gipuzkoako Eskola Arteko Igeriketa Txapelketan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 25a

Elgoibarko igerilari gaztetxoak maila onean aritu ziren Zumaian jokatu zuten Gipuzkoako Eskola Arteko Igeriketa Txapelketan.

Kimuen kategoriako, hau da, 2015ean jaiotako Elgoibarko Igeriketa Taldeko igerilariek hartu zuten parte txapelketan, hain zuzen ere hiru kidek: Alex Alustiza, Oier Elizburu eta Egoi Motriko. Azken horrek, brontzezko domina eskuratu zuen 50 metro tximeleta proban. Motrikok 40 segundo eta 81 ehunekotan osatu zituen 50 metroak. Bidasoa taldeko bi igerilari izan ziren azkarrenak: Eki Cabrerizo irabazlea (37.91) eta Unai Torres txapeldunordea (40.22).

Goizean, igerilariak 50 metro tximeleta eta 100 metro bizkar probetan lehiatu ziren; arratsaldean, berriz, 100 metro bular eta 100 metro libre. Horrez gain, neskek 4x50 estiloetako eta 4x50 libreko erreleboetan parte hartzeko aukera izan zuten.

Egoi Motriko Muguerza podiumean. Arg: Elgoibarko Igeriketa Taldea.