Munduko bazter eta txoko guztietako paretak eskalatu ostean, berriki bere mugen gainetik ibili dela dio Josu Merino eskalatzaileak. Horien berri emango du Nire mugen gainetik izenburua jarri dion saioan. Azpeitian dagoen Mendietxe museoan izango da saioa, gaur, 19:00etatik aurrera. Sarrera librea da.
Merinoren saioarekin hasiko dute Lagun Onak mendi bazkunak urtero antolatzen duen Udaberriko Mendi Astea.
Pou anaiak eta Mikel Lizarralde
Hurrengo egunerako, asteazkenerako, Iker eta Eneko Pou anaiak gonbidatu dituzte antolatzaileek. Gasteiztarrak naturako elementu ezberdinei aurre egiten ibili dira azkenaldian, betiere paretetan gora eginez, eta kontakizun ikusgarria osatu dute Lau elementuen erronka izeneko ikus-entzunezkoan. Soreasu antzokian izango da haien saioa.
Mikel Lizarralde eibartarrak itxiko du mendi astea, ostegunean, maiatzaren 28an, emango duen saioarekin. Duela zortzi urte esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Lizarralderi, baina hori ez du oztopo izan kirola egiten jarraitzeko, ezta mendiarekin zuen harremanari eusteko ere. Zazpi izeneko proiektuan bildu du gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik egin duen bidea, eta dokumental bat ere ondu du Pello Osoro eta Maite Arroitajauregi Mursego herrikideekin batera. Horretaz guztiaz ariko da Lizarralde, Mendietxe museoan izango den saioan.
