Itziarko Albara ganadutegiak jarriko ditu behiak Azpeitiko errekortari erakustaldian

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko maiatzaren 28a

Asier Albite eta Maddi Mendibil, Albara ganadutegiko kortan.

Igandean, nafar kasta arrazako hamalau behi suhar eramango dituzte Azpeitiko ekitaldira.

Datorren igandean (maiatzak 31) errekortari uztaidunek erakustaldia egingo dute Azpeitiko zezen-plazan, eta, lehen aldiz, Itziarko Albara ganadutegiko behiak izango dira bertan.  

Azpeitiko ekitaldia orain arte ligako txapelketaren barruan jokatu izan bada ere, dermatosi nodular gaitzaren ondorioz aurten ezin izan dute ohiko moldean antolatu. Muga sanitarioek elite mailan ibiltzen diren Erkidegotik kanpoko ganadutegiak etortzea galarazi dute, eta, testuinguru horretan, saioa erakustaldi formatura mugatzea eta bertako haztegi bati aukera eskaintzea erabaki dute antolatzaileek. Horrela iritsi zaio Asier Albite zestoarrak eta Maddi Mendibil elgoibartarrak Endoia auzoan duten aziendari Azpeitian estreinatzeko aukera handia. 

Sektorean berria da Albara; duela ia hiru urte, 2023ko uztailean, abiatu zuten proiektua, eta, Albiteren esanetan, "gogotsu eta ilusio handiz" hartu dute aukera. "Nahiz eta ligako txapelketa bat ez izan, erantzukizun handia suposatzen du guretzat. Ilusioz eta gogo handiz hartzen dugun ardura bat da", azpimarratu du Albitek.

Hark zehaztu duenez, zezen-munduko afizioa Azpeitira begira egoten da, eta, beraz, plaza hura "erakusleiho bikaina" izango da eurentzat. "Oihartzun nabarmena du zezen-munduan, eta garrantzitsua izango da egun hau guretzat. Izan ere, goi-mailan dabiltzan errekortarien aurrean lehiatuko dira gure behiak".

Zortzi, errekortarientzat

Ordu eta erdi inguru iraungo duen ikuskizunerako nafar kasta arrazako hamalau buru eramango dituztela aurreratu dute. Horietatik zortzi erabiliko dituzte Euskal Herriko zortzi bikote onenen aurrean arituko diren errekortari uztaidunen erakustaldian, eta beste bat ere eramango dute, ordezko gisa.

Albitek gaineratu duenez, animaliak “indartsu” ikusten dituzte, eta itxaropena dute plazan joko ona emango dutela. “Momentu honetan halako ekitaldi baterako moduko animaliak ditugu. Uste dugu maila ona emango dutela eta horregatik animatu ginen gure animaliekin bertan parte hartzera”.

Plazaratuko dituzten buruen artean, Albitek Beauvoir eta Mugalari izeneko behi suharrak nabarmendu ditu, bereziki:  "Orain arte plazarik plaza ibili diren ganadutegiko behi onenetakoak dira, eta uste dugu errekortariei gauzak zail samar jarriko dizkietela".

Erakustaldiaren ondoren, 16 urtetik gorako ikusleentzat behi bolaztatuak izango dira, eta, horretarako, "beste lau larrabehi eramango ditugu, ikusleek probatu nahi badute ere; agian, beste bat ere eramango dugu, erreserba bezala".

Sarrerak

Azpeitiako Mendizabal Erretegian eta Korrale, Jim Clark eta Pastorkua tabernetan izango dira aurrez salgai sarrerak. Egunean bertan ere, zezen-plazako leihatilan egongo dira eskuragarri. 14 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte; 5 eta 14 urte artekoek, berriz, 5 euro. 5 urtetik beherakoak doan sartu ahal izango dira.