Mallabiko Goitondoko industrialdeetako hondakin-urak Elgoibarko Apraizko araztegiarekin lotu dituzte

Asier Orbea Ostolaza 2026ko maiatzaren 28a

Mallabiko Goitondoko industrialdea, goian, eta Apraizko araztegia behean.

URA Uraren Euskal Agentziak jakitera eman duenez, aurrerapauso "erabakigarria" eman dute Ermua eta Mallabiko udalerrietako saneamenduan, Goitondo–Ermua kolektorea zerbitzuan jarrita. 

Azpiegitura horri esker, hondakin-urak saneamendu-sistema orokorrera eta Elgoibarren dagoen Apraizko araztegira bideratu ahal izango dituzte aurrerantzean. Alegia, Mallabiako Goitondoko industrialdetik eta Arandoño auzotik doazen hondakin-urak Ermuko sarean bildu eta garraiatu ahal izango dituzte, azkenik Elgoibarko Apraiz Araztegian behar den moduan tratatzeko. "Mugarri horrek nabarmen murrizten du Ego ibaiaren gaineko presio kutsatzailea: historikoki hiri- eta industria-isurketek eragindako ibaia, hain zuzen ere", adierazi dute URA agentziako arduradunek. 

Eskualde-sistema bat

URAtik zehaztu dutenez, Goitondo–Ermua kolektorea "egiturazko pieza bat" da eskualdeko saneamendu-sisteman. Eroanbide nagusi berriak 1.800 metro inguruko luzera du eta Errekazabaleta ibaiaren paraleloan doa, Mallabiko industria-eremua Ermuko hiri-sarearekin lotuz.
Azpiegiturak Goitondo eremuko lau poligonoei ematen die zerbitzua. Industrialde horiek 17,23 hektarea inguruko azalera dute, eta inguruko jarduera ekonomikoaren gune nagusietako bat dira. Sistema segundoko 15,5 litroko batez besteko emaria artatzeko gai da, hau da, 4.500 herritarrek sortzen dituzten isurketen kopuru antzekoa, nahiz eta kutsadura-karga nabarmen handiagoa izan, isurketen izaera industriala dela-eta. Proiektuak, gainera, etorkizunean konexioak egiteko aukera aurreikusten du, hala nola Berano auzoa (Mallabia) edo hirigintza-garapenak Okinzurin (Ermua), eta horrek, arduradunen esanetan, egitasmoaren "izaera estrategikoa" indartzen du epe ertain eta luzera.

Obra konplexua

Guztira bi urte behar izan dituzte Goitiondoko lan hauek egiteko, eta 3,49 milioi euroko inbertsioa egin dute (BEZa barne). Nabarmendu dutenez, azpiegitura hori egiteko ahalegin tekniko handia egin behar izan dute nabar, inguruneko baldintzak eta dauden azpiegiturekin lanak bateragarri egiteko. Bere ibilbidea korridore oso mugatuan zehar luzatu da: ibaiaren hurbiltasunak, BI-2301 foru errepideak eta Ermua eta Mallabia arteko oinezkoentzako ibilbideak baldintzatuta (ikus planoan -PDF-). Horrez gain, sakonera handiko zangak egin behar izan dituzte – 4,5 metrotik gorakoak zenbait puntutan – ibaia hainbat bidegurutzetan zeharkatzeko, eta ibaiaren, errepidearen eta bideen arteko espazioa estua zen. Gainera, obrek iraun duten bitartean, dauden sareak funtzionamenduan mantendu behar izan dira, edo kutsatuta egon zitezkeen lurzoruetan esku hartu behar izan dute.

Obrak joan den otsailero irudian. URA

Ego ibaiaren ingurumena berreskuratzea

URA Agentziatik gogora ekarri dutenez, jarduketa horien guztien azken helburua ibaien egoera ekologikoa hobetzea da, isurketen presioak pixkanaka murriztuz. "Goitondo saneamendu-sistemara konektatzeari esker, nabarmen egin daiteke aurrera Ego ibaira eta haren ibaiadarretara egiten diren isurketen ezabatzean: ingurumena berreskuratzeko oinarriak ezarriz eta plangintza hidrologikoan ezarritako kalitate-helburuak betez".