AECN Kopan eta nazioarteko Physique Mania kopan lehiatu ziren kulturistak Lliriako Banda Primitiva antzokian, eta bigarren txapelketa horretan urrezko domina irabazi zuen Rodriguezek, Fitness model PRO kategorian, hain zuzen ere. Kategoria horretan txartel profesionala du elgoibartarrak, baina kategoria berri batean ere lehiatu zen Valentzian, AECN Kopa barruan. Txartel profesionala eskuratzeko aukerarik duen ikusi nahi zuen Mens physique izeneko kategorian lehiatuta, eta ondo moldatu zen, brontzezko domina eskuratu baitzuen.
Ia atsedenik hartzeko astirik gabe, Italiara bidean da orain Rodriguez, nazioarteko kulturismo txapelketa batean hartuko baitu parte asteburuan Rimini hirian. Iaz ere hartu zuen parte Italian jokatutako txapelketa batean, baina ez zen batere gustura geratu han bizitakoekin. Halere, bigarren aukera bat eman nahi dio Italiari. "Espero dut iazkoa baino lehia garbiagoa izatea, etxekoen alde nabarmenegi egin baitzuten iazkoan".


