Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzako arduraduna zen Beitia, eta komunikabideetatik sarri jo izan dugu harengana, informazio eske. Oraingoan ere hala egin dugu. Astelehenean aritu ginen harekin udaberriko kanpainari buruz berbetan. Gaur argitaratu dugu hari egindako elkarrizketa BARRENAren paperezko edizioan, eta aldizkaria inprentatik jaso bezain laster jakin dugu atzo hil zela, Elikagai Bankuak Bergaran duen egoitzako boluntariokoek ohartarazita. "Ikaragarri sumatuko dugu bere falta, zutabe garrantzitsua izan da-eta", nabarmendu dute haren lagun boluntarioek, udaberriko kanpaina bete-betean.
Hona hemen, gaurko BARRENAren zenbakian, Jose Mari Beitiari egindako elkarrizketa.
"Elkartasun-sarea indartzen jarraitzeko balioko du gaurko eta biharko kanpainak"
Udaberriko elikagai bilketa handia egingo du gaur eta bihar Gipuzkoa osoan Elikagaien Bankuak. Iaz, 15.530 pertsonari lagundu zien Gipuzkoako Elikagaien Bankuak lurralde osoan, baina premian direnak gero eta gehiago dira, eta haiei lagundu ahal izateko egingo dute udaberriko kanpaina handia.
Elikagaien Bankuan urte osoan ari zarete lanean. Zer da, zuentzat, udaberriko kanpaina hau?
Guk elikagaiak batzeko bi kanpaina handi egiten ditugu urtean: bata, udaberrian, orain, eta bestea, udazkenean, azaroan. Kanpaina handi horietan, epe laburrean galtzen ez diren elikagaiak batzen ditugu, urte osorako. Hala, gaur eta bihar, Gipuzkoako supermerkatu guztietan eta denda askotan egongo dira gure boluntarioak, herritarrei poltsak banatu eta haiek eskuzabaltasunez emango dizkiguten elikagaiak kaxetan sartzen. Elkartasun-sarea indartzen jarraitzeko ere balioko du kanpainak, behar-beharrezkoa dugulako Gipuzkoako familia askori laguntzeko. Zuzenean elikagaiak eman ordez dohaintza ekonomikoa egin nahiago duenak ere izango du horretarako aukera. Eman daiteke dirua ere dendetan, bonu solidarioen bidez. Urtean zehar behar ditugun elikagaiak erosteko baliatzen dugu diru hori guk. Nolanahi ere, kanpainaz kanpo ere badago Elikagai Bankuari laguntzeko aukera, eta horren inguruko informazio guztia gure webgunean eskuratu dezakezue: bancoalimentosgipuzkoa.org.
Halere, kanpainan lagundu nahi duenak beste aukerarik ere badu, ala?
Bai, hori da. Boluntario gisa ere lagundu dezake jendeak, eta, egia esateko, jende falta handia dugu. Gipuzkoan bi zentro dauzkagu: bata, Oiartzunen, eta bestea, Bergaran. Bergarakoak Debagoieneko, Debabarreneko, Goierri osoko eta Zumaiatik hasi eta Legazpirainoko Urolako herri guztiei ematen die zerbitzua. Gutxi gorabehera, Gipuzkoan batzen diren elikagaien %30 inguru banatzen ditugu guk Bergaratik, eta gainerakoa Oiartzundik banatzen dute. Gure bi zentro horietan 200 bat boluntario aritzen dira lanean urte osoan. Boluntario iraunkorrak dira haiek, asko eta asko edadetuak –batez besteko adina 70 urtekoa da–, baina, haiez gain, aldian behingo boluntarioak ere behar-beharrezko ditugu. Adibidez, orain, beste mila bat lagun behar ditugu kanpaina honetarako, dendetan egoteko eta herritarrei kanpainaren beraren eta gure egitekoaren inguruan azalpenak emateko. Aldian behingo boluntarioak beren herri inguruan arituko dira gaur eta bihar, pare bat orduz-edo, elikagaiak jasotzen. Ahal duten neurrian laguntzen dute boluntarioek.
Zer jaki batzen dituzue, bereziki?
Hiru elikagai mota jasotzen ditugu: batetik, elikagai lehorrak edo ez galkorrak deitzen ditugunak daude; bestetik, egunean bertan batzen ditugun elikagaiak, azken minutukoak, elikagai freskoak; eta, hirugarrenik, Espainiako Nekazaritza Ministerioak emandako produktuak dauzkagu. Eusko Jaurlaritzak jasotzen ditu elikagai horiek eta guri ematen dizkigu banatzeko. Joan den astean, esaterako, nektarinak jaso genituen. Azken horiek hilean bitan banatzen ditugu.
Bergarako egoitzatik bideratzen dugu guk banaketa. Produktu lehorrak hilean behin banatzen ditugu, eta horiek dira, hain justu ere, udaberriko eta azaroko kanpainetan batzen ditugunak. Hala ere, kanpaina horietan ez da, normalean, behar beste jasotzen, eta enpresek eta norbanakoek egindako diru ekarpenarekin erosten ditugu falta direnean. Horregatik dugu hain beharrezko laguntza ekonomiko hori, horren arabera gutxiago edo gehiago izango delako premian diren pertsonek hilero jasoko dutena. Azken minutuko produktuak, berriz, egunean bertan jaso eta banatzen ditugu. Hitzarmenak eginak dauzkagu Gipuzkoako supermerkatu eta dendekin, eta gure furgonetak egunero pasatzen dira denda guztietatik, sobera dituzten elikagai freskoak jasotzera. Gero, Oiartzungo egoitzara eramaten dituzte, edo hona ekartzen dituzte, Bergarara, eta gure boluntarioek apartatzen dituzte hortik jendeari emateko moduan daudenak, baztertzeko daudenak botata. Produktu horiek egunean bertan banatzen dira.
"Gaur egun, hilean 12,5 bat kilo elikagai ari gara banatzen pertsonako"
Apirilaren 2an onartu zuen Espainiako Gobernuak elikagai xahuketaren kontrako legea. Zer inplikazio izan ditu lege horrek zuen egitekoan?
Araudi horren helburua elikadura-kate osoan elikagai gutxiago xahutzea da, eta neurri argiak ezartzen ditu: prebentzio-planak izateko betebeharra, giza kontsumorako dohaintza lehenestea eta elikagai soberakinak hobeto kudeatzea enpresetan, saltokietan eta ostalaritzan. Badakigu, beraz, on handia egingo duela, baina oraindik findu beharra daude gauza batzuk. Hor daukagu, adibidez, B plana esaten dutena, ikuskera aldaketa hori errazteko sortu dutena. B plan horrek aukera ematen die enpresei legea erraz betetzeko eta, aldi berean, lurraldean benetako inpaktua sortzen duen gurea bezalako sare solidario baten parte hartzeko. Legea indarrean jartzeak, beraz, lankidetza berriak bultzatu ditu. Gero eta enpresa gehiagok bat egiten dute soberakinak hobeto kudeatzeko eta modu arduratsuan laguntzeko, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuak laguntza eskaintzen die prozesu horretan, bilketa eta entrega ahalbidetzen duten boluntario-sarea eskainita. Aurten hasi gara horrekin, eta momentuan ez daukagu daturik emateko.
"Iaz, 15.530 laguni eman genien laguntza Gipuzkoan, guztira 2.060.000 kilo jaki banatuta"
Ba al dago hartzaileen profil jakinik?
Datu batzuk badauzkagu, baina, egia esan, oso aldakorrak dira, eta ez du merezi ematea. Hala ere, gauza bat esango nizuke: gero eta gehiago hemengo bertako jendeak eskatzen du gure laguntza. Euskalduna ez da sekula laguntza eskatu zalea izan, eta kosta egiten zaio jende bati, baina derrigorrak ekartzen ditu gugana, seme-alabei jaten eman beharrak. Lehen, gehiago ziren etorkinak, eta orain ere bai proportzioan, baina gero eta gehiago dira hemengoak bertakoak. Eskatzaileen kopuruak ere gora egin du: pandemia aurretik, 13.000 bat laguni ematen genien laguntza, eta pandemiako urteetan kopuru horrek 25.000ra egin zuen gora. Gaur egun, pandemia aurreko datu antzekoetan gabiltza. Iaz, esaterako 15.530 laguni eman genien laguntza Gipuzkoan, eta guztira 2.056.000 kilo elikagai banatu genituen. Nabarmendu behar dugu, baina, Elikagaien Bankua ez dela pertsona haientzako irtenbide bat, baizik eta laguntza txiki bat. Gaur egun, hilean 12,5 bat kilo elikagai banatzen ari gara pertsonako.