Ohi duten moduan, Lehendakari torneoa jokatuz hasi zuten Bolari Eguna, joan den zapatuan, Eibarko Asola Berriko bolatokian. Gipuzkoako 55. Hiru Txirlo Txapelketan aurreneko 64 postuetan sailkatutako bolariek parte hartu zuten kanporaketa formatoan jokatzen den txapelketan, eta etxeko bolaria heldu zen azkenera arte, Alex Campos eibartarrak irabazi baitzuen trofeoa. Camposek azken norgehiagokan Xabier Loiola (San Migel) kanporatuta eskuratu zuen trofeoa. Anartz Esteban sailkatu zen hirugarren postuan, eta Bittor Ugarteburu laugarrengoan.
Bazkaria, omenaldiak eta sari banaketa
Lehiaren ostean, bolariek elkarrekin bazkaldu zuten Ixua hotelean, eta bazkalostean, Gipuzkoako 55. Hiru Txirlo Txapelketako sariak banatu zituzten. Hamar jardunaldietako emaitzak batuta, Gorka Madinabeitia Perez (Aretxabaleta, 1969) bolariak irabazi du aurten txapela. Irabazlearekin batera, baina, bolari ugarik jaso zuten saria kategoria desberdinetan (argazki bilduman ikus ditzakezue).
Emakumezkoetan Enara Montiel (Asola Berri) izan da txapelketako onena. Taldekako sailkapen orokorrean Eibarko Asola Berri B taldea izan da onena; eta, bikotekakoan Bittor Ugarteburuk eta Bittor Astigarragak osatutakoa gailendu da. Gaztetxoei dagokionez, Ander Unamuno izan da onena infantiletan, Axel Sixto kadeteetan eta Irargi Ortuzar benjaminetan. Edadekoen artean, Bittor Astigarragaren burura joan da txapela.
Bola jokoan eduki duten garrantziagatik eta ibilbideagatik Asola Berri taldeko hiru bolari omendu zituzten bazkalostean: Bittor Astigarraga, Bittor Ugarteburu eta Jose Angel Astigarraga.

