220 herritarrek eman dute izena TEK Deba-Itziar energia-komunitatean

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 10a

Debako Kultur Elkartean apirilean egindako saio informatiboa.

Eskainitako plaza guztiak bete direla jakinarazi du Debako Udalak.

Debako Udalak jakinarazi du TEK Deba-Itziar komunitate energetikoak "harrera bikaina" izan duela herritarren artean. Izan ere, joan zen igandean, ekainaren 7an, itxi zuten izen-ematea, eta eskainitako plaza guztiak bete direla adierazi dute; guztira, 220 herritarrek erabaki dute komunitatean parte hartzea. "Parte-hartze honek energia berriztagarrien aldeko interesa eta konpromisoa islatzen du, eta herritarren erantzun oso positiboa berretsi du", nabarmendu du udal gobernuak.

Egitasmoari buruzko azalpenak emateko helburuz, bi saio informatibo egin zituzten apirilean: bata Deban, eta bestea Itziarren. Eta herritarrek batzarretan erakutsitako "interes handia eta parte-hartze aktiboa" azpimarratu ditu, beste behin ere, udal gobernuak.

"Guretzat pozgarria da hainbeste herritarrek parte hartu izana. Azkenengo hilabeteetan erakutsitako interesa eta konpromisoa ikusgarriak izan dira. TEK Deba-Itziar proiektua Debaren etorkizun energetikorako urrats garrantzitsua da, eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu herritar guztiei parte hartzeagatik", esan du Alazne Txurruka alkateak.