Debabarrendarrak ere Euskaltzaleon Martxan

Barrena 2026ko ekainaren 15a

Debabarreneko autobusean joan ziren euskaltzaleak. Argazkia: Kristina Zuatzubizkar.

Larunbat arratsaldean, Euskaltzaleon Martxak milaka herritar elkartu zituen Iruñean, tartean, Debabarreneko herrietatik joandako euskaltzaleak. Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen ofizialtasun osoa, hizkuntza politiketan premiazko jauzia eta euskaltzaletasun indarberritua aldarrikatu zituen. 

Larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Euskaltzaleon Martxa egin zen Iruñean. Hiru zutabetan banatuta, Euskaraz bizitzeko behar den dena lemapean, ofizialtasun faltaren ondorio gordinak erakutsi, Jauziaren edukiak zehaztu eta euskaltzaleak egunerokoan antolatzera deitu zuten pregoietan. Hirurek Gazteluko plazan egin zuten bat, ekitaldi nagusirako.

Bertan, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkien "euskararen lurralde osotik" etorritako herritarrei. Eskisabelek ohartarazi zuenez, euskarak eta euskal hiztun komunitateak larrialdi linguistikoan jarraitzen dute: "Urteak daramatzagu Euskaraz bizi nahi dut aldarrikatzen. Norberaren ekimenez euskaraz bizitzeko eguneroko ahalegin nekezean tematuta. Baina ez da aski. Dudarik gabe, azken hamarkadak aurrerapen hamarkadak izan dira euskararentzat. Baina ez da aski. Zoritxarrez, datu eta joera soziolinguistikoek, proiekzioek, prozesu hori asko moteldu dela erakusten dute; are, etena gertatzeko eta atzera egiteko arriskua handia dela".

"Unibertso bat eratu behar dugu euskararentzat"

Eskisabelek azaldu zuenez, euskararena egiturazko arazoa da, eta horregatik, bere ustez, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen du botere harremanen aldaketa sakona: "Horregatik eskatzen dugu euskaraz bizitzeko behar den dena. Norberaren ahalegin tematiaz gaindi, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea. Eskubideen aitortze formaletik haragoko baldintza errealak: politikoak, sozialak, kulturalak, materialak... Ekosistema oso bat behar du euskarak; unibertso bat eratu behar dugu euskararentzat. Jabetu, ahaldundu eta antolatu gaitezen euskarari beste Pizkunde bat emateko".

Kontseiluko zuzendariaren esanetan, hiru dira euskarak behar duena eraikitzen hasteko oinarriak: "jauzi bat hizkuntza politiketan, ofizialtasun osoa Euskal Herri guztian eta euskaltzaletasun kokatu, antolatu eta indartsu bat". Kontseiluak dio euskarak behar duen erronka dela 2036rako 300.000 euskaldun gehiago izatea, egungo euskalduntze-erritmoa bikoiztuz.

Hurrengo hitzorduak

Gaztelu plazako ekitaldian, Idurre Eskisabelek gogora ekarri zituen datozen hilabeteetako hitzorduak. Azaroaren 21ean, Ipar Euskal Herrian euskara ofiziala izan dadin eskatzeko manifestazioa egingo dute Baionan, Euskal Konfederazioak deituta. Abenduaren 19an, berriz, Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak 40 urte betetzen dituenean, desberdinkeria horrekin amaitu eta euskara ofiziala Nafarroa osoan izan dadila eskatzeko mobilizazio handi baterako deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak.