Umeen lasterketak jokatu zituzten aurrena, eta nagusienak gero. Senior mailakoek 6,6 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten, zirkuitu bati hiru itzuli emanda. 40 bat antxitxikarik hartu zuten parte eta bero handiari aurre egin behar izan zioten.
Emakumezkoetan Mintxeta Atletismo Taldeko Idoia Nogales Alberdi izan zen azkarrena. Debako saltakariak 27 minutu eta 31 segundoan osatu zuen proba. Sasoi betean dabil denboraldi honetan, ia podiumetik jaitsi gabe parte hartzen duen lasterketetan. Aurreko asteburuan esaterako, hirugarren postuan sailkatu zen Irunen jokatu zuten 5 kilometroko lasterketan. Urrestillako proban ia hiru minutuko aldea atera zion bigarren postuan sailkatu zen Kiara Angulo Alberdi (0:30:23) azpeitiarrari. Aiora Altuna San Damian sailkatu zen hirugarren postuan (0:31:39).
Gizonezkoetan Ibon Aranguren Kerejeta zestoarra gailendu zen, 23 minutu eta 56 segundoko denbora eginda. Josu Porta pasaiarrak eta Lander Sanjuan azpeitiarrak osatu zuten sailkapen nagusiko gizonen podiuma.
Aranguren eta Nogales izan ziren, halaber, beteranoen sailkapenen buru.
Lasterketako argazkiak Azpeitia Guka toki komunikabidean
