Amagoia Arrieta zilarrezko domina kolkoratuta bueltatu da Espainiako Boccia Txapelketatik

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 16a

Amagoia Arrieta, Kemen klubeko ordezkariekin. KEMEN

Deban bizi den kirolari ermuarrak azken bi urteotako emaitza bera errepikatu du aurten ere podiumean.

Amagoia Arrietak ekainaren 13tik 14ra bitartean Castelloko Ciutat de Castello pabilioian jokatutako Espainiako Boccia Txapelketan parte hartu du aurten ere. Lau aldiz Espainiako txapeldun izandakoak lan bikaina egin du BC1 kategorian (eskuekin edo oinekin jaurtitzen duten eta laguntzailea behar duten kirolariak), eta, lehia podiumeko lehen koskan amaitu ez badu ere, pozik agertu da emaitzarekin.

"Pozik nator emaitzarekin. Sentsazioei dagokienez ez nintzen eroso ibili, batez ere beroagatik eta eskuetako hezetasunagatik; horrek, egia esan, ez zidan nire jokoa garatzen utzi", adierazi du. Hala ere, beste behin ere gorengo postuetan izatearen garrantzia azpimarratu du. "Zilarrezko domina bat irabazi izana oso pozgarria da niretzat; entrenamendu ordu askoren emaitza da honakoa. Podiumera igotzea, gainera, beti atsegina da kirolariontzat".

2026ko Espainiako Boccia Txapelketa, podiuma. FEDPC

 

Kemen klubeko ordezkaria bakarka lehiatu zen BC1 kategorian. Sailkapen faseko partidetatik bat irabazi ondoren, B multzoko bigarren postuan sailkatu zen hurrengo kanporaketara. Final-laurdenetan estu gainditu zuen Joaquin Villena (Aspace Aragon) 4-3ko emaitzarekin, eta finalerdietan erraz hartu zuen mendean Francisco Manuel Castillo (CD Infatigables), 5-1 irabazita. 

Final handian, Juan Manuel Montilla El Langui aktore eta rapero ezagunaren aurka neurtu zituen indarrak Arrietak. Bi aurkariak indartsu iritsi ziren azken partidara, baina A Mi No Me Digas QNPSH talde andaluziarreko kideak bere aukerak hobeto baliatu zituen, eta 0-8ko emaitzarekin gailendu zitzaion Arrietari.