Deban, Foruen plazan izango da ekitaldi nagusia. Kalez Kale txistulariek kalejira egingo dute herrigunean barrena, 21:00etan hasita, eta 22:00etan hasiko da plazako hitzordua. Ohiturari eutsiz, sua izango da festaren ardatza, baina musika eta dantza ere gehituko dizkiote haren bueltan egingo duten ikuskizunari; sua pizten duten bitartean, txistulariek San Joan zortzikoa joko dute, eta, ondoren, Gure Kai dantza taldeko kideek ere parte hartuko dute ekitaldian. Ikuskizuna biribiltzeko, Ostolaza eta Narbaiza trikitilarien erromeria izango da, plazan bertan.
Itziarren, berriz, 22:00etan piztuko dute sua, urmaeleko partzelan, eta Lasturren ere ordu berean hasiko da festa, San Nikolas plazan.
San Joan Eguna
Biharamunean ere, San Joan Egunean, izango da ospakizunik. Deban San Joan zuhaitza jarriko dute Foruen plazan. Santa Katalinan, aldiz, meza berezia egingo dute baselizan, 11:30ean.
Ekainaren 28an, bestalde, San Pedro bezpera ospatuko dute Deban. Ohi bezala, 21:00etan irtengo dira txistulariak kalejiran eta 22:00etan izango da zahagi-erretzeak eta dantzek osatutako ikuskizuna, Plaza Zaharrean.