Bospasei lagunek dihardute tumuluan lanean: Aranzadiko bost arkeologok, Jesus Tapiak, Manu Zeberiok, Izaskun Egilegorrek, Asier Olazabalek eta Txuma Costasek, eta Historia ikasten diharduen Lur Salaberria soraluzetar gazteak. Astelehenetik zapatura bitartean ibiliko dira lanean.
Orain arte, azaletik
Kereixetako-Egia Iparra tumulua induskatuko duten bigarren aldia da honako hau. Lehenengo aldiz, Joxe Migel Barandiaran, Enrike Eguren eta Telesforo Aranzadi ekipo aitzindariak induskatu zuen, 1921ean, baina oso azaletik, egun erdi bakarrik eman baitzuten bertan. Lepoko baten ale bat topatu zuten.
Oraingo honetan, denboraz, jakintzaz, metodologiaz zein teknologiaz, indusketa askoz ere sakonagoa egingo dute; hori horrela, zerbait topatuko duten esperantzarekin ari dira lanean. "Esperantzak badaude, lan azkarra egin zuten-eta lehenagokoek. Seguru aski, kontu handiagoarekin ibiliz gero, badago aukera zerbait berreskuratzeko", esan du Tapia arkeologoak.
Harrobia, altxor bila…
Astelehenean, tumuluaren egitura tapatzen zuen garoz garbitu eta hilobia bera partzialki bistaratu ondoren, zuzenean kraterrean lanean hasi ziren. Datozen egunotan, berriz, kraterrean barrura segituko dute.
Tapiak esplikatu duenez, argi ikusten da Kereixetako-Egia Iparra tumuluak bazuela bere garaian hildakoak gordetzeko kamera txiki bat, baina hura desagertuta edo suntsituta dagoela, "harrobi bezala esplotatu delako edo altxor bila jendea zuloak eginez edo palankarekin ibili zelako…"
Edozelan ere, eta kasuak eskatzen dituen ezaugarrietara egokituz, Dolmenen Ibilbideko gainerako monumentuak induskatzeko erabilitako metodologia bera erabiliko dute Kereixetako-Egia Iparreko tumuluarekin ere. "Ikusi zer dagoen, tapa kendu, egitura argitu, materialak jaso –baldin badaude–, egitura deskribatu eta aztertu, kronologia aldetik bilatu ea datatzeko modurik badagoen, eta baloratu ea zer aukera dagoen hari balioa emateko. Zaharberritzeko lanak egiterik dagoen ikusi, eta ez badu merezi, bere horretan tapatu eta utzi. Asmoa litzateke jatorrizko kameraren gune hura poliki-poliki aztertu eta harrizko piloaren ingurua, ahal den gehiena, azalean jartzea, harrien trabatze eta pilaketa nolakoa den ikusteko".
Neolito-Brontze garaikoa
Dolmenen Ibilbideko gainerako hemeretzi monumentu megalitikoak moduan, Kereixetako-Egia Iparreko tumulua ere, kronologikoki, Neolito-Brontze arokoa da –K.a. 4.000-1.500 urte–.
Orain arte dakitenaren arabera, 80 zentimetro altu-sakon da hilobia, eta 11-12 zentimetro inguruko diametroa dauka.
Kereixetako-Egia Iparra tumulutik gertu beste hainbat hilobi megalitiko ere badaude, lehenago induskatuta eta batzuk berreraikita; Kereixetako-Egia Hegoa eta Agarreburu, adibidez. Eta Iruia laster bukatuko dute berreraikitzen. Horiekin batera, Bergarako terrenoetan Maurleta eta Frantsesbasoa daude.
Indusketen garapena aztergai
Bestalde, aurten, aspaldiko partez, praktikatzailea izango dute Dolmenen Ibilbideko indusketek; soraluzetarra, gainera. Lur Salaberria (Soraluze, 2007) Historia ikasten ari da, eta, esplikatu duenez, Historiaurrea eta Arkeologia Sarrerako ikasgaietan sortu zaio Dolmenen Ibilbidea lantzeko aukera. "Aranzadik hogeitik gora aztarnategi ditu eta ikasleek, normalean, informazio asko behar izaten dute lanak egiteko; ondorioz, informazio asko dituzten indusketetan egiten dituzte praktikak: Irulegin, Amaiurren… Baina Dolmenen Ibilbidea lantzeko aukera ere bazegoen, eta nik nahiago nuen herrian egin". Salaberriak esan duenez, ikasgaien artean, indusketen urteetako garapena aztertu dute, eta horixe ikasiko du praktikekin.