Euskotrenek astelehenean jarriko du martxan udako ordutegia

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 18a

Euskotrenek ekainaren 22an, astelehena, jarriko du indarrean udako ordutegia. Tren zerbitzu erregularra indartuko dute kostaldeko herrietara joateko beharrei erantzuteko.

Ekainaren 22tik aurrera trenbide, metroa eta Bilboko tranbia linea guztietan udako ordutegia eskainiko du Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailaren mendeko sozietate publikoak.

Gogora ekarri dutenez, udako beharrak asetzeko egokitzen dute eskaintza uda iristean. Horrela, trenen zerbitzu erregularra indartuko dute hondartzak dituzten kostaldeko herrietara joan-etorriak errazteko: Debabarrenean trenen eskaintza handituko dute, Debako hondartzarako sarbidea errazteko, eta asteburuetan eta jaiegunetan Urdaibairako (Bilbo-Bermeo zerbitzua), Kostalderako (Donostia-Zumaia) eta Toporako (Irun/Amara eta Altza/Amara) zerbitzuak ere indartu dituzte. Topoaren kasuan, uztailaren 18tik aurrera, Altza-Galtzaraborda tartea irekiko denez, trenen zerbitzuan beharrezko doikuntzak egingo dituztela aurreratu dute.

Euskotrenek trenez joan behar dutenei ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko gomendioa egin die, APP ofiziala, edo www.euskotren.eus webgunearen bilatzailea erabilita. 

Informazio gehiagorako, erabiltzaileak Euskotreneko langileek zerbitzatzen dituzten geltokietara joan daitezke edo 944 333 333 telefono zenbakira deitu.

Eibarko jaietarako tren zerbitzu berezia

Era berean, Euskotrenek gaueko trenen zerbitzua indartuko du ekainaren 19, 20 eta 23an Eibarko San Joan jaietan egingo diren joan-etorriak errazteko. Egun horietan gaueko trenen zerbitzu berezia emango dute Eibar-Ermua tartean.

Euskotrenek ordutegiak aldez aurretik begiratzeko gomendioa egin die erabiltzaileei, bai APP ofizialean, bai www.euskotren.eus webgunean. Informazioa geltokietan eta 944 333 333 telefono-zenbakian ere eskuragarri dago.

Trena Debako hondartza paretik igarotzen. BARRENA.