Pirinioak airez zeharkatzea dute helburu Iosu Juaristi elgoibartarrak eta Aner Bueno azpeitiarrak

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 20a

50 parapentelarik eta beste horrenbeste laguntzailek parte hartuko dute aurten X-Pyr lasterketa handian, bikoteka. Horietako bikote bi euskal herritarrek osatzen dituzte, eta haietako bat da Iosu Juaristi elgoibartarrak eta Aner Bueno azpeitiarrak osatutakoa. Bihar, igandea, abiatuko dira guztiak Hondarribiko hondartzatik, eta ekainaren 27rako Gironako Port de la Selvara iristea izango dute helburu.

Parapentea edo oinak erabili beharko dituzte  zeharkaldia burutzeko, eta egunean, gehienez, 14 ordu baliatu ahal izango dituzte aurrera egiteko, 07:00etatik 21:00ak arte. Behin, 21:00ak jotakoan dauden lekuan bertan gelditu beharko dute gidariek, eta ezin izango dute puntu horretatik 150 metro baino gehiagoan urrundu. Hondarribitik helmugara bitartean, bederatzi baliza izango dituzte eta derrigorra izango dute haietatik pasatzea. Are, baliza horietako batzuk ukitu egin beharko dituzte derrigor.  Alegia, 3.000 metrora hegan joanagatik ere, baliza horietako baten papera iritsitakoan lurreratu egin beharko dira parapentelariak, baliza ukitzeko. Beste zenbaitetan, berriz, Anetoko tontorrean izango dutenaren kasuan esaterako, nahikoa izango dute gainetik hegan pasatzea.

Parapentea gidatzea izango da Buenoren lana, eta hari bidean laguntzea Juaristirena: Hegan egiteko baldintzez ohartaraztea, materiala inguratzea, sherpa lanak egitea, eguneko plana egin eta aurrera egiteko estrategiak zehaztea, aurkarien segimendua egitea.... Azken batean, iraupen luzeko proba batean ari den lagunak behar duen guztia izango duela ziurtatzea izango da elgoibartarraren egitekoa. Atzo, ostirala, izan zen BARRENA Juaristirekin hizketan eta hark aitortu zuen ilusio handiarekin abiatuko direla bihar biak. Minik hartu gabe iristea da beren buruari jarri dioten helburu nagusia, abenturaz gozatzea, baina aitortu dute ondo pasatzea baino gehiago bilatuko dutela. "Hegan eginez ondo pasatzeko egunak asko izaten dira urtean. Hau lasterketa bat da eta lehiatzera goaz", zehaztu du Juaristik.