Atzo jokatu zuten Lezaman mendiko bizikletako Green Series nazioarteko zirkuituko zazpigarren eta azken proba, eta Elgoibarko Besa-Geminis taldeko txirrindulari gazteek sasoi betean daudela erakutsi zuten berriro. Enaitz Iraolagoitia mendaroarrak irabazi zuen lasterketa, eta laugarren egin zuen haren taldekide Danel Garaizabalek. Zazpi proba izan dira guztira, eta, nazioarteko zirkuitua izanda, maila handiko txirrindulariak lehiatu dira guztietan. Hala ere, sarri zapaldu dute Besa-Geminis taldekoek podiuma: lau aldiz Garaizabalek, eta birritan Iraolagoitiak. Elgoibartarrak bi bigarren postu eskuratu ditu -Bilbon eta Ollargan-, eta beste bi aldiz egin du hirugarren -Erandion eta Ispasterren-. Iraolagoitiak, berriz, bigarren egin zuen Barakaldoko proban eta lehenengo sailkatu zen atzo, Lezamakoan.
Orain arteko emaitza guztiak batuta, sailkapen orokorrean bigarren eta hirugarren amaitu dute, hurrenez hurren, Garaizabalek eta Iraolagoitiak. 1.060 puntu eskuratu ditu elgoibartarrak eta 1.000 mendaroarrak. Green Series zirkuituko txapelduna, berriz, Joanes Aldaba Ansa nafarra izan da (Saltoki Olza Sagardoy), 1.230 punturekin.
Aipagarria da, era berean, Green Series zirkuituan Eneko Lameiras Fernandezek (Eibarko Klub Deportiboa) egindako lana ere. Zirkuitoko zazpi probetan ibili da mutila lehenengo hamarretatik gertu, eta sailkapen orokorrean hamabosgarren bukatu du, 491 punturekin. Ez dira horiek izan, baina, gure eskualdetik parte hartu duten bakarrak. Besa-Geminis taldeko Zugatz Iraolagoitia eta Atxukale Txirrindulari Elkarteko Aimar Agirrezabala Kortazar ere lehiatu dira, eta 53. eta 76. postuan amaitu dute, hurrenez hurren, sailkapen orokorrean.
Euskal Kopan lider dago Garaizabal
Bi liga jokatu dituzte aurten mendiko bizikletan. Green Series nazioarteko proba batetik, eta Euskal Kopa bestetik, eta hor ere onenen artean ibili dira Besa-Geminis taldeko txirrindulariak. Kopa bukatzeko lasterketa bakarraren faltan, Danel Garaizabal Mujika dago lider sailkapen nagusian, eta 50 puntuko aldea ateratzen dio bigarren sailkatuari. Beraz, oker handirik ezean, eskura dauka txapela elgoibartarrak. Uztailaren 11n jokatuko dute azken proba hori, Abadiñon. Aipagarria da mutil honek egin duen denboraldia, ez baitugu ahaztu behar maiatzaren 31n Gipuzkoako txapeldun izendatu zela Urkabeko zirkuituan (Oiartzun). Gipuzkoako txapelketa irabazita Euskadikoa zuten begiz jota, eta irabaztetik koska batera gelditu zen Garaizabal, bigarren eginda. Euskadiko Txapelketan laugarren egin zuen haren lagun eta taldekide Enaitz Iraolagoitiak.
Argazkian, Enaitz Iraolagoitia aurrean, eta atzean, Danel Garaizabal, liderraren mailota jantzita.
Espainiako Txapelketa
Merezi zuten saria egindako denboraldi borobilagatik, eta iritsi zaie hori ere. Joan zen astean jaso zuten Euskadiko selekzioko hautatzailearen deia Besa-Geminis taldeko Danel Garaizabalek eta Enaitz Iraolagoitiak, eta uztailaren 3an Espainiako Txapelketan izango dira Melillan, Euskadi ordezkatuz.

