Beroaldiaren ondorioz aldaketak izango dira Debako eta Itziarko San Joan bezperako ekitaldietan

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko ekainaren 23a

Aparteko beroaldia dela eta, aldaketak izango dira gaur, ekainaren 23an, Deban eta Itziarren antolatutako San Joan bezperarako ekitaldietan. Bestalde, bihar, ekainaren 24an, Santa Katalina baselizan urtero egiten den meza berezia ere ez da egingo.

Deban, ohiko egitarauari eutsiko zaio neurri handi batean. Jai giroa 21:00etan hasiko da, Kalez Kale txistulari taldearen kalejirarekin. Ondoren, 22:00etan, Foruen plazan, San Joan sua piztuko dute, baina aurten tamaina txikiagokoa izango da. Ohikoa den bezala, Gure Kai euskal dantzari taldeko kideek suaren inguruko dantzak eskainiko dituzte. Jaiak Ostolaza eta Narbaiza trikitilarien erromeriarekin jarraituko du.

Itziarren, berriz, Eusko Jaurlaritzak egindako gomendioei jarraituz, bertan behera utzi dituzte San Joan bezperarako aurreikusitako ekitaldi guztiak. Era berean, ekainaren 24an Santa Katalina baselizan urtero egiten den meza berezia ere bertan behera geratu da.