Paula Calvo igerilaria Gipuzkoako txapeldun

Asier Orbea Ostolaza 2026ko ekainaren 24a

Paula Calvo iazko Espainiako Txapelketako irudian.

Junior eta senior mailetako Gipuzkoako Udako Igeriketa Txapelketak jokatu zituzten, asteburuan, Bergarako Agorrosin Igerilekuan, eta protagonista nagusietako bat izan zen Paula Calvo Villalobos (Elgoibar, 2009), urrezko lau domina eskuratu baitzituen bi kategorietan, juniorretan zein seniorretan.

Junior kategoriako igerilariak (2008, 2009 eta 2010. urteetan jaiotakoak) eta senior mailakoak elkarrekin aritu ziren Gipuzkoako Igeriketa Federazioak antolatutako txapelketan. Eibar Igerixan taldeko kide Paula Calvo elgoibartarra  junior kategoriako igerilaria den arren, seniorrak baino gehiago izan zen parte hartu zuen lau probetan. Ez lehiatzekotan ere egon zen, aurreko aste osoa gaixorik egon zela azaldu baitu. "Ez nuen nire markak hobetzerik lortu, horixe baitzen nire helburua, baina berdintzea behintzat lortu nuen", dio urrezko lau domina irabazi ostean. 

Paula Calvok honako distantzietan lortu zuen urrea Gipuzkoako Udako Igeriketa Txapelketan:

  • 100 metro estiloak: minutu bat, sei segundo eta 2 ehuneko denbora eginda lortu zuen garaipena. Distantzia honetan Maider Redin Pagaldaik dauka Gipuzkoako errekorra (1:02.10) 2024az geroztik. Bergaran jokatutako proban, senior mailan, Uxue Arano Etxeberria (C.N. Izarraitz) sailkatu zen bigarren postuan (1:06.02) eta Reka Kocsis Cabezas (CDN Bidasoa) hirugarrengo postuan (1:11.11)
  • 100 metro libreak: 57 segundo eta 63 ehuneko denbora apartarekin lortu zuen garaipena (Gipuzkoako errekorra Petra Bisa Nsuek dauka: 54.68). Junior kategoriako beste igerilari bat sailkatu zen Calvoren atzetik, Ilargi Sarria Rubiños (Rolosaldea Usabal); eta biak izan ziren minutu bateko langatik jaistea lortu zuten igerilari bakarrak. 
  • 200 metro libreak: 2:07.80ko denborarekin lortu zuen garaipena. Reka Kocsis sailkatu zen bigarren postuan (2:10.78) eta Irati Arzallus hirugarrengoan (2:11.91)
  • 400 metro libreetako proba: Paula Calvok erakustaldia eman zuen, alde handiarekin lortu baitzuen garaipena. Lau minutu eta 23 segundoan osatu zituen 400 metroak, 20 segundotik gorako aldea aterata bigarren egin zuen Maddi Fernandezi. 
Txapelketako igerilari osoena

Sailkapen orokorrean ere Paula Calvo izan zen Gipuzkoako txapelketako igerilari onena. Sailkapen hori hiru probarik onenen Fina puntuak kontuan hartuta osatzen dute. Paula Calvok 1.970 puntu batu zituen. Ilargi Sarria sailkatu zen bigarren postuan 1.786 punturekin eta Enara Urizar hirugarrengoan 1.723 punturekin. Gizonezkoetan Ion Mugika Bikuña (CDN Bidasoa) izan zen txapelketako igerilaririk osoena. (txapelketako sailkapenak)

Gipuzkoako Txapelketan parte hartu zuten Eibar Igerixan taldeko kideak. Arg: GIF

Espainiako txapelketa, Mallorcan

Espainiako Igeriketa Txapelketa (Open Trials Astrapool) Palma de Mallorcan (Balear Uharteak) jokatuko dute ekainaren 25etik 28ra bitartean. Estatuko igerilari onenak lehiatuko dira Son Hugo udal igerileku olinpikoan (50 metroko luzera eta 10 kale), eta lehiakideen artean izango dira Iker eta Paula Calvo neba-arrebak. Paula bost probatan lehiatuko da:  200 metro libre, 200 metro bizkar, 100 metro libre, 100 metro bizkar eta 50 metro bizkar. Halere, dioenez, denboraldiko helburu nagusitzat junior mailako Espainiako Txapelketan lehiatzea du. Sabadell hiriak hartuko du txapelketa hori, uztailaren 23tik 26ra bitartean.

Iker eta Paula neba-arrebak Espainiako Igeriketa Txapelketan lehiatuko dira, Palma de Mallorcan.