Atzoko kozina-lehiaketa nobedadea izan zen Itxaropena Erretiratuen Elkartean, txerri-masail lehiaketa egiten zuten lehen aldia izan baitzen.
Bost bikote animatu ziren parte hartzera:
- Teo Ruiz eta Pedro Aldazabal
- Iñaki Iñarra eta Abel Olaizola
- Luis Elortza eta Avelino Benayas
- Marian Begil eta Alberto Arizaga
- Mari Karmen Zabarte eta Rosa Zabala
Goizean hasi ziren kozinatzen elkarteko terrazan, eta 12:30erako gertu zituzten masailak. Segidan, Untzaga Jubiletxeko eta Elgoibarko Erretiratuen Biltokiko lau ordezkarik lehiakideen masailak probatu eta puntuatu zituzten, eurek osatu baitzuten epaimahaia. Txerri-masailen aurkezpena, zaporea, saltsa eta testura hartu zituzten aintzat.
Eibarren, zurrukutuna lehiaketa
Eibartarrek kontatu zutenez, eurek Eibarko jubiletxean zurrukutuna-lehiaketa egiten dute, berakatz-zopa bakailaoarekin. Elgoibarren, berriz, ez dute sukaldaritza lehiaketarik egiteko ohiturarik, eta hain justu, hemen zelan egiten duten ikustera, eta bide batez, epaimahaikide izatera etorri zen Elgoibarko Jubilatuen Biltokiko ordezkaria.
Epaimahaiak debatea eta guzti izan zuen txapelduna izendatzeko, puntu bakarraren aldea izan zuten lehen biek. Azkenean, Abel Olaizolarena eta Iñaki Iñarrarena aukeratu zuten txapeldun. Jan-edana eman zizkieten biei sari modura.
Lehiaketa amaitutakoan, txerri-masail pintxoa eta tragoa euro baten truke partitu zuten bazkideen artean.
Paella lehiaketa
Bestalde, Itxaropena elkarteko zuzendaritzak jakinarazi du uztailerako paella lehiaketa antolatzen ahaleginduko direla, ea jendea animatzen den parte hartzen.