Elgoibar BH Institutua, aintzindari euskarazko irakaskuntzan

Ainara Argoitia Arano 2026ko uztailaren 14a

Iñaki Konde, Karlos Ansola, Olatz Sebal, Imanol Lopez, Jorge Perez de Albeniz, Angel Ugarteburu, Enrike Larrañaga, Jone Agirregomezkorta eta Iñaki Odriozola.

50 urte beteko ditu urrian Elgoibarko BH Institutuak, eta ospakizuna prestatzen hasiak dira zuzendaritzan ibilitakoak. 1976an zabaldu zutenetik, erreferente izan dira, besteak beste, irakaskuntza euskalduntzeko eta euskarazko testuliburuak sortzeko ahaleginean.

1976ko urriaren 23an zabaldu zituen ateak Elgoibarko Institutuak, Eibarko Institutuaren hegalpean. Lauzpabost urtean Arregitorreko lurretan eskeletoan izan zen eraikinak bizia hartu zuen orduan, 77 ikaslerekin. Jaime Arrese (1936-1980) zen alkate Elgoibarren, gobernadoreak aukeratuta, 1979ko Autonomia Estatutua –Gernikako Estatutua– onartu zen arte, ez zelako demokratikoki aukeratutako alkaterik izan hemen. Baina Arrese erabakigarria izan zen Elgoibarrek institutua izan zezan, Pello Arrieta historialariaren esanetan. Izan ere, Marcelino Oreja Kanpo Harremanetarako ministroarekin zuen senidetasun politikoa –familia karlistakoak ziren biak– baliatu zuen Arresek Elgoibarren institutua sortzeko baimen-jirak egiteko. 

Garai bakoitzak du bere testuingurua, eta hauxe zen ordukoa: Franco diktadorea urtebete lehenago hil zen, 1975ean, baina frankismoaren itzala erabatekoa zen oraindik. Irakasle gehienak erdaldunak ziren, eta Hezkuntza Sistema erabat espainiarra zen. Hala ere, Elgoibarko Udaleko zinegotzi batzuk euskaldunak ziren, seme-alabak ikastolan eskolatuak zituztenak; tartean, Arrese bera. Derrigorrezko eskolaldia, berriz, 14 urtera artekoa zen, 1970az geroztik. Izan ere, urte hartan onartu zuten Villar Palaci hezkuntza-erreforma, zeinak Estatuko hezkuntza-sistemaren "modernizazioa eta bateratzea" ekarri zuen, eta zeinaren ondorioz Elgoibarko eskola-mapa ere dezente aldatu zen, ikastetxe asko itxi baitziren. Behin 14 urtera ezkero, bi aukera zituzten ikasten jarraitu nahi zutenek: ikasketak Lanbide Heziketatik jarraitu –Mekan bazuten horretarako aukera 1964az geroztik– edo BBB Batxilergo Bateratu Balioaniztasuna egin. Bigarren aukeraren alde egiten zuten gehienek Eibarrera jotzen zuten, institutura, La Sallera edo Unibertsitate Laboralera. Egoera hartan, gazte jende horri herrian bertan ikasteko aukera emateko, Elgoibarren institutua zabaltzearen alde egin zuen Udalak. Batzorde bat ere sortu zuten gurasoek, eta balio handikoa iritzi dio Enrike Larrañagak talde hark egindako lanari.

Hura izan zen Elgoibarko Institutuko lehen zuzendari praktikoa. Garai hartan, Filosofia ikasketak ematen zituen Eibarko Institutuan Larrañagak, eta hango zuzendari Tomas Uribetxeberriak eskatuta etorri zen Elgoibarrera. "Hi, oraintxe zaukaagu aukera euskararen alde egiteko' esan zidan", ekarri du gogora Larrañagak. Lizentziatua izanagatik oposizioak egin gabea zen Larrañaga, eta funtzionario izan gabe ezin zuen ardura hura bete. Horregatik, Uribetxeberria izan zen legearen aurrean institutuko zuzendari, baina Larrañagak bete zuen egunerokoan ardura hura, harik eta, 1977an, Juan Gaztañaga izendatu zuten arte zuzendari. Orduan egin zen Elgoibarkoa institutu autonomo.

Euskararen aldeko haizea

Dena zegoen egiteko, baina euskararen gaian, gutxienez, aldeko zegoen haizea. Behetik gorako haizea zen, gainera; hein handi batean, herritarrek hauspotutakoa, hezkuntzan ez baitzen euskarako irakasle-plazarik izan 1979ra arte, Gernikako estatutua onartu zuten arte. Baina alfabetatu beharraz eta ikasleak gure hizkuntzan hezi beharraz jabetua zen frankismoak makurrarazia izan zuen gizartea. Elgoibarren, gainera, ikastolatik zetozen ikasleen gurasoek nahi zuten institutua ikastolaren jarraipen naturala izatea, eta, gainera, irakasle-taldean baziren irakasle euskaltzaleak; tartean, ikastola munduan trebatutakoak eta. 

Edozelan ere, aipatu behar da institutuaren sorreratik bertatik izan zuela euskarak lekua irakaskuntzan, irakasgai moduan soilik izan bazen ere. Hala ere, euskara-katedradunak eta agregatuak geroagoko kontua izan ziren, eta bien bitarte hartan beste irakasgaietako irakasle euskaldunek jardun zuten euskara eskolak ematen. Pello Arrieta bera izan zen egiteko horretara jarri zen lehenengoa, baina laster gehituko zitzaizkion beste batzuk taldera. Bazegoen euskara sustatzeko nahi eta borondate bat institutuan, eta ikastaldeak ere euskararen ezagutzaren arabera osatu zituzten sorreratik bertatik. Hala ere, "eguneroko bizitzan euskarak gero eta presentzia handiagoa bazuen ere, paperetan apenas ikusten zen horren islarik. Sarritan gertatu izan da hori euskararekin", jasoa du Andres Alberdik bere idatzietan. Gabeziak handiak ziren: batetik, ikasmaterialik ez zegoen euskaraz, eta bestetik, Administrazioak ezinda, askotan eskolak berak egin behar izaten zituen gestioak irakasle euskaldunak kontratatzeko. Baina hor ere apustua garbia zen, eta hala dago jasota 1979ko maiatzeko irakasle-klaustroko akta batean: "Irakasleak kontratatzeko orduan, lehentasuna euskara dakiten irakasleek izango dute".

Ikastetxe pilotu

Ahalegin haren oihartzuna kanpora ere iritsi zen. Euskal adarrean ikasi nahi zuten gero eta ikasle gehiago hasi ziren iristen Elgoibarko Institutura, herrikoak bertakoak asko, baina gero eta gehiago inguruko herrietakoak ere bai. 1983-1984ko ikasturterako, esaterako, 667 ikasle eta 42 irakasle izatera iritsia zen Elgoibarko Institutua. 42 irakasleetatik 28 euskaldunak ziren, eta ikasleetatik 282 D ereduan matrikulatuak zeuden –ikasturte hartan arautu ziren D, B eta A hizkuntza-aukerak, nahiz Elgoibarren, praktikan, lehenagotik egiten zen–. Eta ondo egindako lan haren guztiaren ondorioz, Hezkuntza Sailak batxilergoa euskaraz emateko ikastetxe pilotu izendatu zuen Elgoibarko Institutua, Hondarribikoarekin eta Hernanikoarekin batera. Normalizaziorako beste urrats handi bat izan zen hura.

Batxilergoa euskaraz emateko institutu pilotua izan zen Elgoibarkoa, beste birekin batera

Astiro-astiro gauzak aldatuz zihoazen, beraz, baina, artean, bazegoen gabezia handi bat. D ereduko taldeek ez zuten erdal taldeetakoek zuten testuliburu aukerarik oraindik. "Erdarazko testuliburuak itzultzeko beharra ikusten zuten askok, baina erdal mentalitateko liburuak itzultzen hasi ordez guk geureak, euskaratik sortutakoak, sortzeari ekin genion", oroitu du Ugarteburuk. Horri heldu zioten 1985ean Elgoibarko Euskara Mintegiko Andres Alberdik, Markos Balentziagak, Iñaxio Garmendiak, Myriam Villasantek eta Angel Ugarteburuk berak. Beharrak eraginda ekin zioten Euskal Hizkuntza eta Literaturako testu-liburuak sortzeari. Erronka hari beste hainbat mintegitako irakasleek ere erantzun behar izan zioten; Historiakoek, esaterako. Egunari egun, orduei erreparatu barik jardun zuten, eta Euskal Herriko ikastetxe askotan erabili izan ziren gero urteetan testuliburu haiek. Gizartea bera ere bazihoan, poliki-poliki, euskalduntzen. 1985-1986ko ikasturteko UBIko (COU) promozioa izan zen, esaterako, Unibertsitateko Hautaprobak lehen aldiz euskara hutsean egiteko aukera izan zuena, eta Elgoibarko Institututik gehiago izan ziren euskaraz egitea erabaki zutenak erdaraz egin nahi izan zutenak baino.

Institutuak bere martxa normala hartua zuen. Elgoibarrera zetozen ikasleak euskal lerroetakoak ziren gehienak. A ereduaren premiarik ez zegoen, eta B eredua ere desagertuz zihoan, ez institutuak eskaintzen ez zuelako, eskabiderik ez zegoelako baizik. Hala iritsi ziren 90eko hamarkadara, pausoari pauso. 

Batzordekideak, batzar batean, 50. urteurrena prestatzen.

Elgoibarko Institutuko irakasleek sortu zituzten euskarazko testuliburu asko

Eraikina txiki ikasleak hartzeko

1990eko urrian Espainiako Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorraren Lege Organikoa (LOGSE) promulgatu zuten, eta hark ere eragina izan zuen institutuan. Izan ere, ordura arte 14 urtera artekoa zen derrigorrezko eskolaldia 16 urtera luzatu zuen LOGSEk, eta DBHko lau ikasturteak eta batxilergo berriko beste biak emateko lekurik gabe gelditu ziren Arreiturre eraikinean. Hala, Ikuskaritzatik eta Hezkuntza Sailetik proposatuta, obrak egin zituzten ikasleei lekua egiteko, baina ez zen, hala ere, nahikoa izan eskaera handi hari erantzuteko –455 ikasle zeuden–. Eta egoera hartan, beste irtenbide bat adostu zuten Mekako Carlos Ansola eta institutuko Angel Ugartebururen zuzendaritza taldeek (1993-1998): elkarrengandik hurbil zeuden bi ikastetxeen azpiegiturak partekatzea eta Internet sare berean batzea. Teknologia, euskara eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko ahaleginean, bientzat izan zen mesedegarri bateratzea: batetik, batxilergoko ikasleak Mekara bideratuta –Ezenarro eraikina–, erosoago hartu ahal izan zituztelako DBHko ikasleak Arreiturre eraikinean; eta, bestetik, bi ikastetxeen arteko lehia ere saihestu zutelako. 

Elkarrekin egin zuten bidea 2008ra bitartean bi ikastetxeek, Hezkuntza Proiektua adostuta. Aipagarria da tarte hartan Elgoibarko Institutuak kalitatearen berme diren ziurtagiriak lortzeko egindako lana, eta horretarako akuilu izan zuten DBH ezartzeko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoak berrantolatzeko 1996an onartu zuten eskola-mapa. Eskola-mapa haren ondorioz, apaltze bat izan zuten matrikulazioan Elgoibarko Institutuan, besteak beste, Soraluzeko ikasle askok Bergararako bidea hartu zutelako, eta Debakoek, Zarautzerakoa. Eta egoera iraultzeko, ISO 9.000 ziurtagiria lortzea jarri zioten erronka beren buruari zuzendaritzakoek. Kalitatea Kudeatzeko Sistema (KKS) ezartzea eskatzen zuen ziurtagiri hark, ikastetxeko prozesu administratiboak zein pedagogikoak estandarizatzeko, kontrolatzeko eta optimizatzeko. Horrek eta urte gutxiren buruan eskuratu zituzten Zilarrezko Q-ak, ingurumen-kudeaketa estandarizatzeko ISO 14.000k eta beste kalitate ziurtagiri batzuek "sona eta erreferentzialtasuna" eman zioten Elgoibarko Institutuari, "aitzindari" izan baitzen horretan, eta, hein berean, ikasle kopurua handitzea ekarri zuen, zeina beti den gauza ona eskaintza zabaldu ahal izateko. 

 

Eskaintza zabala

Lan askoko garaiak izan zirela oroitu du sasoi hartan Elgoibarko Institutuko zuzendari izan zen Iñaki Kondek (1998-2008). Mekako zuzendari Karlos Ansolarekin batera, hamaika bileratan parte hartu zuen, eta, gauza berriak ezartzen diren aldiro gertatzen den bezala, "erresistentzia batzuk" ere izan zituzten inguruan, baina gerora institutuaren ardura hartu duten zuzendariek –eta irakasleek– asko eskertu dute orduan egindako lana. Hala esan dute, esaterako, erreportaje honetarako solasaldian parte hartu duten Imanol Lopez eta Iñaki Odriozola zuzendari izandakoek. 

Kalitatearen bermea izateko egindako lanaren ondorioz, esan bezala, Elgoibarko Institutua erreferente bihurtu zen inguruan, eta eskaintzen zuten batxilergo guztietan –batxilergo artistikoa ez beste guztietan– "modalitateko ikasgai guztiak eskaintzen zituen ikastetxe bakarra izan zen Euskal Herrian". "Horretarako, jakina, ezinbestekoa izan zen klaustro osoaren inplikazioa. Ikasgai jakin bat bost ikasleri emateak eskatzen zuen beste irakasle bat ikaslez kargatzea, baina, hori gabe, ezinezkoa zatekeen modalitateko ikasgai guztiak ematea, eta prestasun hori izan genuen guk hemen. Hori izan zen beti gure ezaugarria: ahalik eta eskaintza zabalena ematea ikasleei; eta eskaintzaren eta eskariaren araberako puzzlea osatzea izan zen gure burukomin handietako bat. Batxilergoan 400 ikasle dituen ikastetxe batentzat erraza izan daiteke, baina ez zen batere samurra 130 bat ikasle zituen gurea moduko ikastetxe batentzat", aitortu du Lopezek. 

Aitzindari, prozesu pedagogikoak estandarizatzen, kontrolatzen eta optimizatzen

Bereiztea

Lopez bera zen Arreiturreko zuzendari Meka Lanbide Heziketako Zentro Integratu izendatu zuten garaian –Jose Mari Beristain zegoen Mekan zuzendari–. 2008an izan zen hori. Meka Lanbide Heziketako Zentro Integratu izendatzeko, baldintza bat bete behar zen: "Lanbide Heziketa bakarrik eman behar zuen". Horregatik, ezinbestean banatu beharra izan zuten ordura arte bidea elkarrekin egin zuten Lanbide Heziketako eta DBH-batxilergoko zentroak. Banatu zituzten espazioak eta diruak, eta banaketa haren ondoren eratu zen Elgoibar-Arreiturre Institutua.

Lanbide Heziketako Meka ikastetxearen Ezenarro eraikina erabiltzen dute batxilergoa emateko

Hazia ereinda zuten, eta haztea zegokion institutuari. Garai hartan hartu zuen zuzendari kargua Iñaki Odriozolak, zortzi urterako. Haren zuzendaritza taldearen agintaldian ezarri zuten Elgoibarren Batxilergo Artistiko Musikala, eta Debabarrenean arte-batxilergoaren eskaintza osatu zuten, Eibarren ordurako eskaintzen zutelako arte-batxilergoaren beste adarra, diseinu grafikoari lotutakoa. Batxilergoan 200 bat ikasle izatera iritsi ziren, eta DBHn gainezka egin zuten ikaslez. Horrek behartu zituen berriro ikastetxean obrak egitera. Ikasgela berriak sortu zituzten, jolaslekua estali, ZIG gela berritu, eta Hauspoa programa ezarri. ISO 9000 kalitatearen ziurtagiria berritzea eta Kalitatea Hezkuntzan Brontzezko Ziurtagiria ere eskuratu zituzten –EAEko Bigarren Hezkuntzako aurreneko institutu publikoa izan zen lortzen–, bi-hiru urteren buruan, eta bide horri eutsi diote ondorengoek. Institutua erreferentziazko zentroa da gaur eskualdean.

700 ikasle baino gehiago

700 ikasle baino gehiago daude matrikulatuta aurten, eta, Jone Agirregomezkorta zuzendariak aurreratu duenez, datorren ikasturtean hemeretzi gela izango dituzte DBHn eta hamalau batxilergoan –ZIG gela ere badago–. DBHra, bereziki, Elgoibarko Herri Eskolako eta Mendaroko eskolako ikasleak etortzen dira, baina batxilergora, eskualde osotik; batez ere, Debatik eta Soraluzetik. Batxilergoan hiru modalitate eskaintzen dituzte: zientifiko-teknologikoa; giza eta gizarte zientzietakoa; eta artistiko-musikala. Institutuko ikasleak bi eraikinetan banatuta daude: Arreiturren eta Ezenarron.