UEMAtik nabarmendu dute hizkuntza baten transmisioa, egunerokotasuna eta biziraupena bermatzeko funtsezko euskarria dela kultura, batetik, iruditeria kolektiboa eta identitate partekatua eraikitzen dituelako, eta bestetik, "berebiziko eragina" duelako belaunaldi berrien hizkuntza-ohituretan, "bereziki ahozkotasuna eta jariotasuna lantzeko orduan". Horregatik guztiagatik uste dute udalek ardura handia dutela ekitaldiak programatzerakoan, eta haiei laguntzeko sortu du gida hau. Azaldu dutenez, ekainean bidali zuten gida UEMAko kide diren 120 udaletara, udal arduradunek eta teknikariek kontuan har dezaten. 14 orrialde ditu gidak eta UEMAren webgunean dago ikusgai, hemen.